Ane Labaka laugarren Errenteriako saioan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 26a, 09:56
Atzo Ane Labaka herritarra Gipuzkoako bertsolari txapelketako bigarren saioan lehiatu zen. Lasarte-Oriako gazteak laugarren postua eskuratu zuen eta falta diren hiru saioen zain geratu da, sailkapena erdiesten duen jakiteko.

Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Jon Martin, Iñigo Mantzizidor "Mantxi" eta Amaia Iturriotz izan ziren Ane Labakarekin batera kantuan.

Saioa Beñat Gaztelumendik irabazi zuen, 516 punturekin eta Tolosako finalaurrerako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Ane Labakak berriz, 476 puntu lortu zituen eta laugarren sailkatu zen.

Ane falta diren hiru final laurdenetako emaitzen zain geratzen da. Izan ere, asteburuko saioak kontuan izanik Lasarte-Oriako bertsolari gaztea saikapeneko 7 postuan baitago. Fase honetan, saioetako irabazleez gain, hamahiru bertsolarik egingo dute aurrera.

Iguaran bigarren

Bestalde, larunbateko saioan Earra! bertso eskolako Asier Azpiroz eta Beñat Iguaran kideak lehiatu ziren.

Agin Laburu izan zen lehena, 516 punturekin eta bigarren Beñat Iguaran izan zen, 491 puntu eskuratuta. Asier Azpirozek aldiz, 470,5 puntu eskuratu zituen.