Ane Labaka bigarren Beasaingo saioan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ira. 21a, 18:30
Atzo hasi ziren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenak, Beasainen. Sei bertsolari aritu ziren, Ane Labaka herritarra horien artean. Bigarren postuan geratu zen, 444 puntu eskuratu ostean. Jon Maiak irabazi zuen atzoko saioa eta zuzenean sailkatu zen urriaren 31n Zestoan ospatuko den final laurdenetako saiorako. Beñat Iguaran Earra! bertso eskolako kidea ere aritu zen atzo; 420 puntu eskuratu zituen.

Maila bikaina eman zuen atzo Ane Labaka herritarrak Beasaingo Usurbe antzokian, 350 ikusleren aurrean. Bigarren postua eskuratu zuen, 444 punturekin, Jon Maia irabazleak baino 12,5 gutxiago hain zuzen. Maia sailkatu da dagoeneko urriaren 31n Zestoan ospatuko den final laurdenetako saiorako. Ane Labakak itxaron egin beharko du oraindik, baina puntuazio altu samarra eskuratu zuenez aukera asko ditu hurrengo kaleratze errondarako sailkatzeko. Earra! bertso eskolako kide Beñat Iguaran ere aritu zen atzo Beasainen eta final laurdenetarako sailkatzeko lehian egongo da bera ere, 420 puntu eskuratu baitzituen.

Final zortzirenetako beste lau saio geratzen dira oraindik. Hurrengo biak datorren asteburuan izango dira, igandekoa Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, 17:30ean. Maider Arregi, Mikel Artola, Aitor Irastortza, Xabier Sukia, Beñat Lizaso eta Gorka Azkarate ariko dira nor baino nor gehiago. Unai Muñoa herritarrak berriz urriaren 3an du hitzordua, Elgoibarko Herri antzokian. Earra! bertso eskolako kide Asier Azpiroz berriz Andoainen ariko da, final zortzirenetako azken saioan, urriaren 11n. Final handia abenduaren 20an izango da, Ilunben. 

Urriaren 24an hasiko dira final laurdenak, Urretxu-Zumarragan. Oraindik jokatzeke dauden final zortzirenetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus web orrialdean eros ditzakete zaleek. Internet bidez erosten ez diren sarrerak areto bakoitzeko leihatiletan jarriko dituzte salgai, saioak hasi baino ordu eta erdi lehenago, 16:00etan alegia. Igandean herrian egingo den saioaz gain, larunbatean ere ariko dira hainbat bertsolari Azpeitiako Soreasu antzokian, 17:30ean baita ere. Ordu horretan hasiko dira saio guztiak, abenduko finala izan ezik.