Ane Labaka bertsolaria Errenterian lasaiago lehiatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 14a, 19:00
Gipuzkoako Bertso txapelketako final zortzirenak amaitu ziren igandean Andoainen eta dagoeneko final laurdenetako saioak osatu dira. Errenteriakoan, urriaren 25ean, Ane Labaka lasarteoriatarra izango da. Unai Muñoa kalean geratu da eta Earra! Bertso eskolako Asier Azpiroz eta Beñat Iguaran aurrez aurre izango dira final laurdenetako lehen saioan, urriaren 24an, Urretxu-Zumarragan

Ane Labakak urriaren 25ean, Errenteriako Agustina Otaola raketista profesionala pilotalekuan abestuko du Gipuzkoako Bertso txapelketako final laurdenean.

Lasarteoriatarra final zortzireneko sailkapeneko hirugarren postuan amaitu du, 444 punturekin.  Bere aurretik Jokin Uranga, Andoaingo saioko irabazlea eta Joan Maia, Beasaingo saioko irabazle izan dira soilik.

Bertsolari gazteak adierazi zigunez, “ez nuen espero hain goian amaitzea. Beasainen saioa amaitu ostean, adituak gerturatu zitzaizkidan. Oso media handia nuela eta goien egongo nintzela esan zidaten. Oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin.”

Izen potenteak

Eskuratutako puntuaketaren arabera, bigarren final laurdenekoan lehiatuko da Errenterian, urriaren 25ean, 17:30etik aurrera.

“Lasaiago hartuko dut. Aurreko fasean nire esku zegoen eta ongi egin nahi nuen. Nire buruari jarri nion presioa. Orain 18 bertsolari bakarrik igaroko dira eta maila ere altuagoa da. Pasa ahal naiteke edo ez. Nire esku dago ere, baina lasaiago egongo naiz,” aipatu digu.

Saio horretan Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Iñigo Mantzizidor “Mantxi”, Amaia Iturriotz eta Iñaki Gurrutxaga izango ditu arerio. “Gustura nago saioarekin. Izen potenteak daude honetan ere. Gainera, Beñat eta Amaiarekin Donostian biltzen naiz txapelketa prestatzeko eta horrek konfiantza eta bestelako babesa ematen dit”.

Anek aipatu legez, 18 bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetarako. Saioetako irabazleak zuzeneko txartela eskuratuko dute eta puntuazioz beste 13 bertsolarik osatuko dituzte finalaurrekotako saioak.

Beste saioak

Honetaz gain, Urretxu-Zumarraga, Zestoa, Ormaiztegi eta Eskoriatzan izango dira final laurdenak.

Lehenengoan gainera, Earra! Bertso eskolako Asier Azpiroz eta Beñat Iguaran izango dira hala nola, Agin Laburu eta Jexux Mari Irazurekin nor baino nor.

Txartelak

Errenteriako, zein beste final laurdenetako saioak zuzenean ikusi nahiez gero, txartelak www.bertsosarrerak.eus web orrialdean daude eskuragarri. Internet bidez erosten ez diren sarrerak areto bakoitzeko leihatiletan jarriko dituzte salgai, saioak hasi baino ordu eta erdi lehenago, 16:00etan alegia.