Ane Labaka Bertso Eguneko goizeko saioan izango da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urt. 17a, 17:00
Urtarrilaren 30ean, Bertsozale Elkarteak Bertso Eguna antolatu du Donostian. Honen baitan hiru ekintza ezberdinen izango dira, saio musikatua, ekitaldi nagusia Kursaaleko Areto Nagusian eta afaria. Hainbat bertsolari parte hartuko dute bertsolarien erabakiak ardatz izango diren egun honetan eta horien artean Ane Labaka lasarteoriatarra izango da.

Zehazki, berrikuntza modura, eguerdian Kursaal pareko Picachilla garagardotegian egingo den saio musikatuan kantatuko du Anek. 

Ez da lehen aldia herritarrak egun honetan bere harritxoa jartzen duena, esate baterako, 2014 urtean kaleko saioan izan zen. Orduan generoa izan zen gaia.

Musika eta bertsoak

Bertsozale elkarteak azken urtetan kalez kaleko saioa alde batera utzi eta apustu berria egin du aurten, saio musikatua. 

Ane Labakarekin batera beste bost bertsolari izango dira oholtzan. Bat-batekoan, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza eta Ane bera arituko dira. Rosi Lazkanok eta Nerea Elustondok, berriz, bertso jarriak abestuko dituzte. 

Idurre Eskisabel eta Eñaut Asurabarrena, gitarraz musikatutako testuen bidez giro aldaketak eragingo dituzte. 

Saio hau doakoa da.

Saio nagusia

Ohi bezala, Kursaalak hartuko du Bertso Eguneko ekitaldi nagusia, 18:00etatik aurrera.

Aurtengo gaia, bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak dira.

Hori ardatz izanik, Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabier Terreros, Jon Maia, Oihana Bartra, Julio Soto eta Agin Laburu izango dira bertsotan. Odei Barroso bertsolariaren '2zio' taldea ere zuzenean ariko da. 

Afaria eta festa

Egunari amaiera emateko, afaria eta festa izango dira Kursaalean bertan. Hauetan ere ezin bertsoak falta. Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Iker Zubeldia, Amets Arzallus, Alaia Martin, Onintza Enbeita, Xabi Igoa, Unai Mendizabal, Eli Pagola, Eneritz Artetxe eta Maddalen Arzallus izango dira kantuan.

Ekitaldi nagusirako eta afarirako sarrerak www.bertsosarrerak.eus orrrialdean eskuragarri daude.