Andaluziaren festa asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 23a, 12:00
Ekintza ugari antolatu ditu Lasarte-Oriako Semblante Andaluz elkarteak asteburu honi begira. Ostiral arratsaldetik hasi eta igande gauera arte luzatuko da egitaraua: ekitaldi kulturalak, bazkari herrikoia, dantza edota musika. Aitzakiarik ez zaie falta: Andaluziaren XXII. eguna ospatuko dute asteburuan. Herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu Semblante Andaluzek.

Urtero moduan, zuzendaritza batzordea aldatuko du Semblante Andaluzek asteburuan. Hori izango da egitarauko lehenengo ekitaldia: ostiral arratsaldeko zortzietan hasiko da. Botere eskualdaketaz gain, bazkide eta agintariei ohorezko ardoa eskainiko zaie. Zambra taldeak eta Semblante Rociero koruak girotuko du hasierako ekitaldi hori. Semblante Andaluz kultur elkartean bertan egingo dute.
Ospakizuna asteburu osoan zehar burutuko duten arren, otsailaren 28a da berez Andaluziaren eguna. Larunbata izango da aurten, eta egitarauan hainbat ekintza sartu ditu Semblante Andaluzek, elkartearen egoitzan bertan egingo direnak.

Dantzari-taldeen ekitaldia izango da lehena, 17:00etan. Azabache, Zambra, Duende Flamenco eta Gitanillos del Alba taldeek hartuko dute parte.

Ordubete geroago, Semblante Rociero koruak ikuskizuna emango du. 18:30ean berriz, Merche Montesen txanda izango da. Handik ordubetera, Petri Fuentes flamenko kantariak eta Paco Carrionek girotuko dute Semblante andaluz.

Bazkari herrikoia igandean
Martxoa hastearekin bat bukatuko dira aurtengo Andaluziaren eguneko ospakizunak. Meza rozieroa izango da lehena, Arantzazuko Ama Birjinaren parrokian, 11:30ean. Semblante Rociero koruak abestuko du ekitaldi horretan. 

Arratsaldeko ekintzen aurretik indarrak hartzeko, bazkari herrikoia egingo dute 14:00etan agintariei harrera egitearekin batera. Semblante Andaluzen Atsobakarreko egoitzan bazkalduko dute.
19:00etan Amigos del Sur taldeak ekitaldia eskainiko du, eta ordu erdi beranduago dan-tzaldi herrikoia ospatuko dute. Festa-amaiera ekitaldia berriz, 21:30ean izango da.