Andaluziako jantzi eta doinuak, Atsobakarren

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 9a, 11:28
Lasarte-Oriako Semblante Andaluz elkarteak XXIV. Rocioko erromeria ospatuko du larunbatean eta igandean, Atsobakar auzoan. Musika emanaldi asko, dantzaldiak, otorduak eta beste zenbait ekintzaz gozatuko dute parte hartzaileek

Andaluziako giroak jantziko du  Lasarte-Oria asteburuan. Herrialdeko ohitura eta usadioei jarraikiz, XXIV. Rocioko erromeria ospatuko dute Semblante Andaluz elkarteko kideek. Zenbait ekintza herrian barrena egingo badituzte ere, Atsobakar auzoa izango da partaideen elkargune nagusia.

Jantzi eta jaki tipikoak, askotariko musika eta dantza emanaldiak, eta, beste zenbait ekintza antolatu dituzte larunbaterako eta iganderako. Larunbat eguerdian, erromeriaren hasierarekin batera lehertuko da festa. 

Asteburua aitzakiatzat hartuta, herritarrei gonbita luzatu nahi die Semblante Andaluzek. Horrela, elkartearen aurtengo XXV. urteurrenaren parte izan daitezen, deia luzatu diete lasarteoriatarrei, Atsobakarrera gerturatu, eta, ekintzetan parte har dezaten. 

Aurreko urteen antzera, asteburu osoko festa izango da Rocioko erromeria; goiz eta arratsalde askotariko ekintzak izango dira herritarren gozamenerako, eta, Lasarte-Oriako taldeekin batera, eskualdeko beste haibat ere izango dira gurean.

Egitaraua

Larunbata

  • 12:00: Erromeriaren hasiera.?
  • 12:30-13:30: Zero Sette akordeoi taldea, Semblante Andaluz eta Zuena elkarteko zumba taldea. 
  • 14:30: Herri bazkaria (kaldereta)
  • 14:30-19:30: Semblante Rociero, Concha Rociera, Aljarafe, Xumela eta Alboka abesbatzak.
  • 19:30-20:30: Ainara eta Amaya Gonzalez dantza eskolen emanaldiak. Ondoren, herri dantzaldia

Igandea

  • 12:00: Semblante Rocieroren meza rozieroa.
  • 13:00: Ama Birjinaren irteera Atsobakar parkerantz.
  • 14:30: Herri bazkaria (paella).
  • 16:30-20:00: Semblante Andaluz, Embrujo, Aljarafe, Triana eta Concha Rociera taldeak.
  • 20:00: Herri dantzalda.
  • 20:30: Ama Birjinari agurra eta festa amaiera.