Anarkisten papera mintzagai

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 22a, 18:35
'Anarkismoa eta bere parte hartzea Gipuzkoaren defentsan'. Hori izan da aste honetako gaia Antonio Mercero aretoan: Islada Ezkutatuak taldeak antolatutako ziklokoa izan da hitzaldia. Lubakikoak taldeko Sergio Balchadak gidatu du saioa

"Anarkistei egozten zaie gauza txarrak, biolentziarekin lotutakoak egin dituztela bakarrik, eta hori ez da horrela. Mito bat da". Hori izan zen Sergio Balchada Lubakikoak taldeko kideak utzitako gogoetarako esaldietako bat. 1936ko altxamendu militarra eta gero, anarkistek parte hartu zuten Gipuzkoaren defentsan. Gai horri buruz solastatu zen Balchada, ostiral arratsaldean.

Datu interesgarri eta adierazgarri batzuk ere utzi zituen. Esaterako, jakinarazi zuen 2.000 afiliatu baino gehiago zituela CNT sindikatuak 1936an, Gipuzkoan. Bi ziren erdiguneak: Donostia eta Trintxerpe. Donostian bederatzi sindikatu omen zeuden, guztira. Pasaian bi sindikatu zeuden, baina afiliatu gehienak (900 inguru) han bizi ziren. Euskaldunak ziren horietako asko, eta galiziarrak ere bai: bakailao arrantza asko hazi zen urte horietan. PYSBE empresak kontrolatzen zuen sektore hori, eta arrain mota hori arrantzatzen trebea zen jendea nahi zuen. Eta inor ez zen galiziarrak baino trebeagoa. 

Balchadak zehaztu zuenez, gerra hasieran "kontrol lanak, bijilantzia lanak" egiten zituzten anarkistek, eta eskuindarrak atxilotzen zituzten. Gerra garatu ahala, gero eta zeregin garrantzitsuagoak burutu zituzten.

Herritarrek interesez entzun zituzten Balchadak azaldutakoak.