'Amor, vida de mi vida' zarzuela Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 22a, 13:30
Operatik Zarzuelara egin du jauzi Lasarte-Oriako Udaleko Kultura sailak. Eduki digital berrien bigarren saioa izan zen atzokoa: 'Amor, vida de mi vida' zarzuela entzutetsuaz gozatu zuten Manuel Lekuona kultur etxera hurbildu ziren hogeita hamar bat herritarrek.

Salzburgeko festibalean aritu ziren Placido Domingo tenore ezaguna eta Ana Maria Martinez sopranoa. Bazirudien larunbatean Lasarte-Oriara etorriak zirela; emanaldia aurrez grabatua izan arren, soinu eta irudi kalitate onenei esker zuzenekoa zela baitzirudien.

Salzburgeko 'Mozarteum Orchastre' taldeak jarri zion musika emanaldiari, Jesus Lopez Cobos zuzendariaren gidaritzapean. 

Melodia hunkigarriak
Ordu eta erdi baino gehiagoz, ikuskizunak Madril eta Sevillako kaleetara eraman zituen ikusleak. Hainbat melodia hunkigarri eta aldi berean indartsu entzun zituzten herritarrek, bata bestearen atzetik. Bukaeran, gustura ziren Lasarte-Oriako zaleak, Salzburgen zuzenean ikusi zutenak bezalaxe ia. Ez ziren gutxi izan, emanaldiaren kalitatearekin harrituta geratu zirenak. 

Martxoaren 28an 'Queen' talde mitikoak Montrealen 1981ean eskaini zuen kon-tzertuaz gozatzeko aukera edukiko dute herritarrek. Eduki digital berrien hurrengo emanaldia izango da. Apirilerako beste bat dago aurreikusita; zehazteke dago oraindik.