Bertsoaren harrobia lantzen

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mar. 26a, 17:54
Lasarte-Oriako ikastetxeetan bertsolari trebeak daudela erakutsi dute gaur hainbat gaztetxok. Gaur eguerdian Bertso Paper Lehiaketako saribanaketan haien dohainak ikusteko aukera izan da.

Gaur eguerdian, Ttakun Kultur elkarteak Udalaren laguntzaz antolatzen duen Bertso Paper lehiaketaren saribanaketa egin dute. Landaberriko DBH eta LHko ikasleak eta Sasoeta-Zumaburuko LHkoek ederki gozatu dute bertsoekin.

Unai Muñoak eta Ane Labaka bertsolariek eman diote hasiera saioari bertso saio txiki batekin. Honetan Muñoa Labaka maitemitzen saiatu da. Ostean, ikasleen artera jaitsi eta ikasle, zein irakasleei buruzko bertsoak bota dituzte.

Irabazleak

Saioa amaitzean, Pablo Barrio alkatearen laguntzaz, Bertso Paper lehiaketako saribanaketa izan da.

Landaberri ikastolako irabazleak DBHn Nahia Arruti izan da eta LHn Garazi Navarro. Sasoeta-Zumaburu ikastetxean, aldiz, Jose eta Laura izan dira LHko garaileak.

Hauetaz gain, Maialen Aristegi Letamendia DBHko bigarren sailkatua izan da eta aipamen bereziak izan dira beste lau lanentzat: Maitane Arroyo Vicente Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko ikaslea, Landaberri DBHko Ainhoa Heredero eta Landaberri LHko Sergio Hernandez eta Peru eta Mario bikotea.

Guztiek haien bertsoak abestu dute eta ekitaldiari amaiera eman baino lehen, Pablo Barrio alkatea bertsoa botatzera ausartu da.

Lan ugari

Aurten lan ederra izan dute epaimahaikideek, DBHko 61 lan eta LHko 200 bertso izan baitituzte esku artean. 

Gazteek ikastetxean, zein etxean bertsoak lantzeko aukera izan dut. DBHko ikasleek "Atzokoa izan zen zure lehengo parranda handia" eta "Gaur ere korapilo bat egin zaizu sabelean, berari begira zaudela" zituzten gaiak; LHkoek, aldiz, "Lagunekin arratsaldea pasa eta etxerakoan, honakoa pentsatu duzu: “lagunak zertarako?” eta "Gaurko afaria zeuk prestatzea erabaki duzu".

Ekitaldiko hainbat irudi bideotekan.