Ametsez gozatzearen garrantzia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 8a, 19:18
'Jule' antzezlana taularatu du Hortzmuga teatroak Okendo plazan. Ametsez gozatzearen garrantzia erakusten du lanak. Aurtengo udako aurreneko kale antzerki emanaldia izan da

Joan den urteko uztailean herriko kaleak hankaz gora jarri zituzten Hortzmuga teatroko aktoreek, Femmes lanarekin. Lau atsoren paperean sartuta, hainbat bihurrikeria egin zituzten Lasarte-Orian zehar, ikus-entzuleen harridura eta gozamenerako. Antzezlan horrek utzi zuen aho zapore ona kontuan hartu, eta Udalak berriz kontratatu du antzerki konpainia. Ostiral arratsaldean aritu ziren, Okendo plazan. Jule lana plazaratu zuten. Gaia, oso desberdina: ametsez gozatzearen garrantzia.

Protagonistetako bat eraistear dagoen etxe batean bizi da, baina ez du bertatik joan nahi; betetzeke ditu oraindik hainbat amets. Hor inguruan dabil bueltaka obra zaindari bat: esna dagoen bitartean egiten du amets, familia bilatzen duen bitartean. Kontrakoa gertatzen zaio hirugarren protagonistari; familiaz ahaztu da erabat, eta ez du ametsik egiten. Hiru pertsona horien istorioak elkarlotuz, ametsez gozatzearen garrantzia nabarmendu nahi du Hortzmuga teatroak.