Ametsak egia bihurtzeko garaia

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 2a, 18:32
Presoen Lagunak herriko taldeak antolatuta, zortzigarrenez, errezitaldi hunkigarri batez gozatu dute lasarteoriatarrek kultur etxeko auditorioan. 'Denbora' izan da aurtengo emanaldiko gaia

Denbora asko (hamabi urte eta erdi) eduki dute preso espetxean Pello Eskisabel herritarra, abendu hasieran askatasuna berreskuratu duen arte. Ziegan zegoela, hainbat urtetako errezitaldietan hartu du parte. "Berezia" izan da aurtengoa, zuzen-zuzenean bizitu baitu, aurrenekoz. Amaiera aldera, Ixiar Arteagarekin batera oholtzara igo, eta hainbat hausnarketa partekatu ditu ikus-entzuleekin. Kronika hau titulatzen duen esaldia, adibidez, berak bota du: "Emanaldian zehar behin baino gehiagotan entzun dugu ametsa hitza, oraindik preso dauden herritarrek bidali dituzten gutunetan; denboraren gaiari helduta, bada garaia amets horiek egia bihurtzeko, eta iheslariak eta euskal presoak etxera ekartzeko".

Iazko emanaldian baino bi preso lasarteoriatar gutxiagok hartu dute parte, Rafa Diez eta Pello Eskisabel bera aske daudelako honezkero (Ekhiñe Eizagirre zarauztarra ere bai; iazko edizioan parte hartu zuen). Halere, oraindik ez daude denak kalean; denbora asko daramate espetxean beste herritar batzuek. VIII. errezitaldian horietako lauk hartu ahal izan dute parte: Aitzol Iriondok, Ibon Fernandez Iradik, Itziar Morenok eta Javi Gallagak. 

Presoen Lagunak herriko taldeak sortu zuen egitasmoa duela zortzi urte. Xirimiri elkartean ekin zioten errezitaldia egiteari, eta Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan aritzen dira egun. Lepo bete da aretoa 2017ko emanaldiaz gozatzeko.

Oraindik preso daudenek bakarrik ez, herritar askok hartu dute parte gaurko emanaldian. Norbanako ugarik, eta taldeek ere bai: Xumela abesbatzak, txalapartariek eta Kukuka eskolako ikasle talde batzuek, kasurako.

Askatasun eske, kantuan eginez

Xumela abesbatzak pare bat abesti kantatu ditu, auditorioko atzeko lerroetatik. Lehenengoaren musika Josu Txapartegi Txapasek konposatu du, Joseba Sarrionaindiaren letrarekin uztartuz. Bigarrena Aitzol Iriondok euskaratu du, eta korsikar abesti herrikoi bat da. Kantuan eginez, "Euskal Herriarentzako, Korsikarentzako eta Kataluniarentzako askatasuna" eskatu dute.

Bi kantu horien tartean, Aitzol Iriondok bidalitako gogoetak plazaratu dituzte hainbat herritarrek, oholtza gainetik, denboraren gurpil birakari baten gainean baleude bezala. Besteak beste, Euskal Herriari buruz hausnartu du: "Herri makildua izan gara, eta guri buruz esandakoak sinetsi ditugu: borrokari heldu diogunean, deabruak, terroristak, feminaziak, putak; gure bidea egiten hasi garenean, insolidarioak, egoistak. Torturagarri, jipoigarri, mespretxagarri bihurtu gara, trufarako objektu, paisaia eder baten marko konparaezinean, hori bai. Ispilu horretan ikusarazi gaituzte, gure patua tunel ilun bat balitz bezala. Kosta egin zaigu gure burua duin, kapaz ikustea, gure burua harro eta tente ikustea... Kosta zaigu, baina hautsi dugu ispilua eta altxa dugu burua. Iritsi da gure eguna, zutik emakumeak! Gora bizitza! Visca la terra lliure! Euskal preso eta iheslariak, etxera!".

Mikel Antzaren eskutik, mikrokontakizunak

Mikel Antza donostiarra Frantzian daukate preso. Berak ere hartu du parte aurtengo errezitaldian, hainbat mikrokontakizun bidalita. Data desberdinak aukeratu, eta gogoeta labur baina sakonak bidali ditu Lasarte-Oriara. Hainbat herritar igo dira oholtzara, banan bana, mikrokontakizun horiek irakurtzera.

Denborarekin lotutakoak dira poematxo horietako asko. Maiatzaren 1eko hau, esaterako: "Iragana aldatu nahi zutenak bakarrik geratu ziren". Edo beste hau: "Itxaron, itxaron, ez itxi mundua; nik ere nahi dut atera". Gizarteari ere egin dizkio kritikak: "Leihotik ikusten dudanaren aurrean, hau guztia berariaz egindako esperimentua bada, edonor jabetuko litzateke aspaldi egin zuela porrot" dio poemetako batek. "Iritsi da zirkua, baina pailazorik ez dutela behar esan digute, jendeari ahaztu egin zaiolako irribarre egiten". Mikrokontakizun denak ez dira izan kutsu negatibokoak, ordea. Azaroaren 10eko hau izan da azkena: "Gure ametsak, errukitu ondoren, eroriko diren hormen hondakinen gainean asmatuko ditugun amets horietarako prest".

Emanaldiaren bigarren blokearekin hasi aurretik, Kukuka antzerki eta dantza eskolako ikasle talde bat oholtzara igo eta emanalditxo polita eskaini zuen.

"Denbora, presoaren kontraesana"

Xabier Fernandez Iradi igo da oholtzara gero, Lannemezango espetxean preso dagoen anaia Ibonek idatzitako eskutitza ikus-entzuleekin partekatzera. "Presoaren kontraesana da denbora: espetxetik lehenbailehen ateratzeko, azkar pasatzea nahi, baina, era berean, bizitza badoala sentitzen du; lapurtu dioten bizitza-denbora hori ez diote sekula itzuliko. Espetxean pasa beharreko egun bat gutxiago, baina aske bizitzeko egun bat gutxiago ere bai; bizirik zaudeneko heriotz bat bezalakoa da espetxeko denbora", hausnartu du Fernandez Iradik.

25 urterekin ihes egin behar izan zuen Lasarte-Oriatik. 32 urterekin atxilotu zuten, bere urtebetetze egunean bertan. 46 ditu gaur egun: "Ezagutuko ote dut espetxetik aterako naizen une hori? Zer sentituko dut? Gai izango ote naiz horrenbeste amestu dudan une hori momentuan bertan bere handitasunean sentitzeko?", dio eskutitzean. "Hamalau urte daramatzat espetxean; hamalau niretzat, eta baita ingurukoentzat ere. Bizitzari ez diot joaten utzi, eta zulo zikin honetatik bada ere, maitatu ditut nire ingurukoak, eta maitatua sentitu naiz ni ere: bizirik diraute herritik ihes egin nituen ametsek".

Hitza, hutsa, hotsa, hotza

"Zer egin, ordea, hutsa hotzez betetzen denean? Hitzen hutsa? Ez dago nori esan, zeini entzun, nork gureak aditu. Hutsa. Hots. Hotsen hotza. Zarata gainezka inguruan, zuloa hutsagoa. Hutsa, zuloagoa barruan". Hitz-joko honekin hasten da Itziar Morenok bidalitako poema. "Jendez inguratutakoa da bakardaderik bakartiena. Zertarako esan, baliorik ez duena? Ebidentziak ebidenteegi dira, inork ez ikusteko". Ixiar Arteaga eta Donetz Iradik irakurri zuten, txandaka. Azkeneko lerroak, aldiz, biek irakurri zituzten, elkarrekin, ozen: "Ez dago aurreraka jotzea beste aukerarik; borroka da bidea. Ez etsi. Eutsi, Itzi!".

Denborari buruz hizketan, telefonoz

Formatua pixka bat aldatu zuten segidan: papera eta hizkiak alde batera utzi, eta belarriak zorroztu zituzten ikus-entzuleek, Javi Gallaga eta anaia Mikelen telefono bidezko elkarrizketa bat entzuteko. Denbora izan zuten hizpide, batez ere. Javik dio "egunak luze eta urteak motz" egiten zaizkiola espetxean. Mikelek, jarraian, galdetzen dio ea nor ari den irabazten borroka: denbora, ala Javi bera? "Ni ari naiz irabazten, espetxean urte asko daramatzadan arren, ez dudalako burua galdu", erantzuten du lasarteoriatarrak. 

"Janari emozionala"

Pello Eskisabelek espetxetik hartu zuen parte lehengo urteko errezitaldian. Aurtengoa zuzen-zuzenean ikusi du, aurreneko ilaratik. Bukaera aldera, Ixiar Arteagarekin batera oholtzara igo da, eta bere esperientzia kontatu du. "Janari emozionala da hau presoarentzat, beharrezkoa; modu batera edo bestera, iritsi egiten da".

Eskisabelen iritziz, errezitaldian parte hartzea eta bizipen zein hausnarketa pertsonalak kontatzea "biluzte ariketa" da: "Kosta egiten da batzuetan, lotsak frenatu egiten zaitu". Abendu hasieran berreskuratu du askatasuna, eta "oso pozik" dagoela dio, aurtengo emanaldia zuzenean ikusteko aukera izan duelako.

Talde argazki erraldoia, eta deia

Aurtengo emanaldia biribiltzeko, errezitaldian parte hartu duten herritarrek eta hainbat ikus-entzulek talde argazki erraldoia atera zuten, oholtza gainean. Era berean, Presoen Lagunak taldeak herritarrei dei egiten diete urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestaziora joateko. 

Abenduaren 31n, arratsaldean, manifestazioan hartu zuten parte lasarteoriatar ugarik. Euskal preso eta iheslariak etxeratzeko eskatu zuten, besteak beste. Okendo plazatik irten eta herriko kaleak zeharkatu zituzten.

Argazki galeria