'Amalur' eta 'Euri tanta banintz' kalean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 20a, 11:00
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek CD berri aurkeztu zuten lehengo larunbatean, Tolosan. Lan bikoitza da herriko pailazoek argitara eman dutena. Batetik 'Amalur' diskoa dago baserriko bizitzan oinarritua eta bestetik 'Euro tanta banintz' diskoa. Honetan Joxean Ormazabalen hainbat olerki abesti bihurtu dituzte.

Katxiporretako lagunek bere azken lana Tolosako Zerkausiko SukalTalka aretoan, giro ederrean eta lagunez inguratuta aurkeztu zuten larunbatean. 

Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera izan ziren, esaterako, Alex Sardui eta Petti, diskako abesti batzuetako ahots gonbidatuak, baita Jatsu Ormazabal eta Ana Zabala ere, Joxan Ormazabalen olerkien langintzan lagundu dutenak. Eta ezin falta Gorriti aztia ere, haren marrazkiek ilustratu baitute besteak beste azken proiektua.

Aurkezpena festa giroan hasi zuten pailazoek, baserritarren azokan erosketak eginez eta ostean lanaren inguruko azalpenak eman zituzten. 

'Amalur'

Oraingoan disko-liburu bikoitza osatu dute Katxiporretako pailazoek.

CD batek 'Amalur' du izena eta baserrian dago oinarritua. 

Porrotxek azaldu zuenez, “baserriaren inguruan, nekazaritza, abeltzaintzan eta elikaduraren inguruan hausnarketa egin eta bide berria jorratzen ari gara. Guk egin nahi genuen baserri hartako beste disko eta istorio gaurkotu bat” .

Diskoa osatzeko Jakoba Errekondo eta Sosola eta Iztueta baserriko lagunak bidaide izan dituzte. Eta Julian Tokero herritarra izan da diskoen diseinu orokorra eta ilustrazioak landu dituenak.

Honetan egungo baserrian kokatutako letra zein doinuetan sorpresa bat baino gehiago topatuko dute pailazoen zaleek zein, beste barik, musikazale zaretenek. 

Ormazabalen olerkiak

Bestalde, Joxan Ormazabalen hainbat olerki abesti bihurtu dituzte pailazoek 'Euri tanta banintz' diskoan.

Ana Zabala, Txoan Ormazabal eta Jatsu Ormazabal, Joxan Ormazabalen familia)ko kideak izan dira diskoko olerkien aukeraketa egin dutenak. Abestien lotura diren ipuintxoak ere haiek eginak dira. 
Xabier Zabala konpositoreak azpimarratu zuenez, “olerkiak pasa zizkidatenean, bat-batean oso bisualak iruditu zitzaizkidan. Niri bisuala egitean errazago egiten zait musika sortzea”.

Letra fresko eta jostalariak dira, doinuz lagunduta. Izenburu bereko kantua da honen adibide argia. Gainera, diskoak Juan Gorritiren marrazkiak ditu.

Lagun asko diskoan

Baina lagun hauetaz guztiez gain, beste hainbatek ere parte hartu dute bi disko hauetan, hala nola, Onintza Enbeitia, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Imanol Urbieta, Donostiako orfeoi txikia eta gaztea, Idiazabalgo eta Zaldibiako haur eta gazteak, Joseba Tapia, Xabier Leturia edo Kaabestri taldea.

Ikuskizuna martxan
Era berean, 'Amalur' ikuskizuna ere martxan dute dagoeneko. Legazpia, Berriz, Amurrio Irurtzun... Euskal herriko txoko askotara hurbilduko dira herriko pailazoak ikuskizun berria erakustera.