Ikasturtean zehar tentuz eta goxotasunez landu eta ikasitako guztia erakutsi dute gaur Alboka abesbatzako kideek Brigitarren komentuan. Hiru zatitan banatutako emanaldia eskaini dute. "Alboka giroa ez al duzue sumatzen airean? Guztiok hartzen gaitu; goza dezagun", aipatu duten errepertorioaren ataletako bat aurkezteu bitartean. Ikusleak izan dira giro horren parte, eta, nola ez, gogotik gozatu dute ordu eta erdiko kontzertuaz.
Montse Latorrek zuzenduta, lau pieza abestu ditu koruak lehenengo atalean: Tourdion, Marions Les Roses, If ye love me eta Ave Maria.
Bigarrenean aldatu egin zuten erregistroa. Besteak beste, Beatles taldearen Let it be abestu zuten, eta baita Si la nieve resbala ezaguna, Julio Dominguez zuzendariaren moldaketekin.
Hirugarren eta azkeneko zatia abesti herrikoiek osatu dute. Horien artean nabarmentzekoa, Argizaiola. Dagoeneko gure artean ez dauden bi pertsonari eskaini diote kantu hori: Zero-Sette akordeoi taldeko lehendakari eta LOKEko tenis irakasle Xabier Gonzalezi, eta Brigitarren komentuko kide izandako Maria Pilar Erauskini.
Ibilbideei aitortza
Omenaldiak ez dira abesti horrekin bukatu. Oihana Diaz sopranoaren eta Jon Sarasola tenorearen ibilbideei aitortza egin diete koruko kideek. Zapia eta txapela jarri zizkieten soinean, hurrenez hurren. Alboka Txiki koruan hasi ziren abesten biak, artean umeak zirela. 25 urte daramatzate Albokan.
Ikasturte bukaerako emanaldia irribarre batekin ixte aldera, Barre egin nahi dugu abestu dute Albokako kideek.