Akordeoiek eta argazkiek kontatu dute gaur arratsaldean Lasarte-Oriako kirolaren historia. Joan den urteko arrakastak hauspotuta, Zero Sette akordeoi orkestrako kideek argazki-diaporama benetan ederra muntatu eta erakutsi dute kultur etxeko auditorioan. Lasarteoriatarrek ez dute hitzordua galdu nahi izan, eta eserleku gutxi utzi dituzte hutsik. Atzoko eta gaurko irudiak ikusten, eta eskusoinuen doinuez lagunduta, gure herriko kirolaren historia ezagutu dute.
Hainbat bloketan banatu du Zero Settek emanaldia. Denera, 25 kirol modalitate desberdin bildu dituzte diaporaman: saskibaloia, bola eta toka, areto-futbola, xakea, hipika, futbola, automobilismoa, boxeoa, golfa...ez da bakar bat ere falta izan. Argazkiak ikusi bitartean, ikusentzuleen harridura keinuak eta zurrumurruak etengabeak izan dira, askok momentu eta bizipen eder asko ekarri baitituzte gogora. Kirol modalitateak eta une historikoak erakusteaz harago, anekdota bitxiak ere ezagutu dituzte herritarrek. Adibidez, duela hainbat urte, sagardotegi askok bolatokiak ere bazeuzkatela.
Joan den urteko arrakasta ikusita, aurten ere emanaldi berezi hau antolatzera animatu da Zero Sette; ez litzateke harritzekoa izango 2018an diaporama musikatuaren beste edizio batez gozatzea, arrakastatsua izan baita aurtengoa ere.