Akordeoia, perkusioa eta dantza izan dira osagaiak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko aza. 12a, 20:13
Akordeoi Jaialdia ospatu du Zero Sette orkestrak, hamabosgarrenez. Akordeoia eta perkusioa uztartu dituzte Iñaki Dieguezek eta Iker Telleriak; Oinkari dantza taldearekin batera aritu dira. Oholtza txiki utzi dute gero Sabadell Akordeoi Orkestrako kideek

Perkusio eta haize-instrumentuak ongi eramaten ez direla uste dutenek Iñaki Dieguezek eta Iker Telleriak elkarrekin eskaintzen duten emanaldia ikusi beharko lukete. Eta hori uste ez dutenek ere bai. Eta mundu guztiak. Bi artista horiek ireki zuten Zero Sette Akordeoi Orkestraren akordeoi jaialdiaren XV. edizioa. Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan ospatu zuten, ohi bezala. Hainbat lasarteoriatarrek gozatu zuten ikuskizunaz.

Marinba izeneko instrumentua jo zuen Telleriak. Xilofonoaren antzeko itxura du. Kazetariak ez daki askoz gehiago marinbari buruz, baina iruditu zitzaion bikote oso ona egiten duela akordeoiarekin. Eta ikusleei ere bai antza, nekatu arte egin zutelako txalo. Dieguez aritu zen akordeoiarekin. Emanaldia hasi zenean bi artista zeuden oholtzan. Bukatzean, sei: Oinkari dantza taldeko hainbat kiderekin batera aritu ziren erdialdetik aurrera. Sagartu ikuskizunaren fragmentu bat oholtzaratu zuten. Marinba utzi, eta bateriarekin aritu zen Telleria zati horretan. 

Oholtza bete musikari 

Arratsaldeko beste gonbidatua Sabadelleko Akordeoi Orkestra izan zen. Dieguezek, Telleriak eta Oinkarik bukatu ostean, bost bat minutu behar izan zituzten teknikariek oholtza prestatzeko. Ez zen harritzekoa izan, kontuan hartuta auditorioa txiki utzi zutela Kataluniatik etorritako musikariek. 1991n sortu zen orkestra, Miguel Angel Maestro musikariaren zuzendaritzapean. 27 urteotan hainbat emanaldi eskaini ditu, eta sari asko jaso ere bai. 

Kultur etxean De Paris a Buenos Aires (Paristik Buenos Airesera) aurkeztu zuten; orkestrak egin duen azken lana izan da. Hainbat abesti ezagun ere oholtzaratu zituzten larunbateko jaialdian, ikus-entzuleen gozamenerako.

Argazki galeria