'Ahobizi' eta 'Belarriprest', Euskal Herri osoan zehar

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 24a, 13:01
Euskal erakunde eta eragileek euskaltzaleen hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimen berria aurkeztu dute. Lasarte-Orian egindako 'Baietz 40 egun euskaraz!' erronka oinarri hartuta, 2018an Euskal Herriko beste herrietan 11 egunetan euskaraz egingo dute

Euskarabideak, Euskararen Nafar Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bat egin dute, eta  Euskarak 365 egun dinamikako egitasmo berria aurkeztu dute Bilbon: 11 egun euskaraz. Ekimenak Lasarte-Oriako 'Baietz 40 egun euskaraz!' du oinarrietako bat. Horregatik, Bilboko aurkezpenean izan dira Ttakun Kultur elkarteko ordezkariak, Lasarte-Oriako esperientzia azaltzeko. Euskaltzaleak aktibatu nahi dituzte egitasmo horrekin, beren egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten.

Euskalgintza sozial eta instituzionala eta beste alorretako jendeak bat egitea espero dute. Elkarlanean aurrera eramango den ekimena baita. Horretarako, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatu nahi dute 11 egun euskaraz, Euskal Herri osoan. Horrela, egitasmoak irauten dituen 11 egun horietan Euskal Herriko herri ezberdinak Ahobiziz eta Belarriprestez beteko dira.

Lasarte-Oriako kasua

Naiara Mujika Ttakun kultur elkarteko kideak aurkezpenean honela azaldu du: "Lasarte-Orian iaz egin genuen Euskararen Maratoia, eta bidean ikerketa baten babesa izan genuen; alderdi kualitatibo zein kuantitatiboak neurgai izan zituen". Ikerketaren emaitzei erreparatuz gero, ahobiziek astebeteren ostean euskara egiteko joera nabarmen bizitu zuten. Denbora tarte esanguratsu bat igaro ondoren ere, lortutako aurrerapenak kopuru antzeko batean iraun dute, Mujikaren arabera. "Belarripresten ikuspegitik, eukaraz zuzendu zitzaizkien herritarren kopurua handia izan zen eta kasu horietan, horiek ere euskaraz erantzuteko eta eusteko joera nabarmena izan zuten," esan du Mujikak.

Lasarte-Oriako esperientziak positibotzat jo du Mujikak. "Herritarrek euskaraz egiteko duten gogoa bistarazi du. Ekimenak talde kohesio bat sortu eta testuingurua goxotu du. Era berean, gure inguruko hiztun errealitatez ohartzeko aukera eman zigun". Azkenik, Ttakuneko ordezkariak nabarmendu du  Lasarte-Oria horrelako esperientzia bat berriro ere martxan jartzeko gogoz dagoela.