Adostasunik ez GHK-ko buru ohiak babesteko

Adrian Garcia 2019ko urt. 11a, 10:15
Espainiako Kontu Auzitegiak Errazkin eta Intxaurrandieta GHK-ko arduradun ohiak errugabetu ditu, eta EH Bilduk mozioa aurkeztu du, "modu pertsonalean" elkartasuna adierazteko. PSE-EE, EAJ eta PPren aurkako botoekin bertan behera geratu da ekimena

Bi gai besterik ez zeuden urteko lehen ohiko udalbatzarrean, baina eztabaidak askorako eman du. Aho batez onartu dute udal ordezkariek lehen gaia; Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolaren eta Lasarte Oriako Udalaren arteko hitzarmena onetsita, lan poltsa komun berrien kudeaketa bateratua egingo dute. Bigarrenak ekarri du eztabaia, batez ere EH Bilduren hitzaldi luzearen ostean. Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren arduradun ohien aldeko mozioa aurkeztu du, baina nahikoa babesik ez du lortu; PSE-EEk, EAJk eta PPk aurka bozkatu dute. Hori ikusita,  Espainiako Kontu Auzitegiak emandako epaiaren zati batzuk irakurri ditu Pablo Barrio bozeramaileak. Bertan Errazkin eta Intxaurrandieta errugabetzen ditu, eta ardura egozten die aurreko GHK-ko arduradunei, EAJ eta PSE-EEkoei. 

Epaia oinarri hartuta, adierazpen instituzionala eskatu du EH Bilduk, Errazkini eta Intxaurrandietari "modu pertsonalean" babesa eta elkartasuna adierazteko. Erraustegia eraikitzeko prozesuaren kronologia bat egin du Barriok, eta epaiaren hainbat elementu azaldu ditu: "Obra gaindimentsionatua zegoen, eta  orduko arduradunek bazekiten hori. Nahiz eta aldundiak kalte ordainak ordaindu, erraustegi hori ez zen bideragarria".

ADLOP Ahal Du Lasarte-Oria Puedek bakarrik babestu du ekimena. Aldeko sei botorekin (Kristina Bernal ez da garaiaz iritsi bozketara, trafiko arazoak tarteko), eta aurkako bederatzirekin, bertan behera geratu da mozioa. 

EAJren eta PSE-EEren esanak

EAJk bozkaren azalpena egiteko txanda baliatu du. Jon Antxordokiren esanetan, hondakinen kudeaketak "elkarbizitzaren krisialdia" eragin zuen pasa den legealdian. "Gutxiengo batek gehiengo demokratikoari bere jarrera inposatzearen estrategiak sortu zuen". Halere, ez du nahi erakundeetan "ekintza politikoan parte hartu dutenak ardura ekonomikoz kaltetuak" izatea.

PSE-EEren aldetik, Lourdes Acevedo zinegotziak hartu du hitza. "Kontu Auzitegiaren epaia ez da irmoa, eta EAEko Auzitegi Nagusiak emandakoren aurka doa". Horregatik, Acevedok argudiatu du helegite guztiak bukatu arte itxaron beharko litzatekeela, "justiziaren denborak errespetatzeko".