Arratsaldeko zortziak. Atsobakar auzoa. Pig&Kiss taldeko musikariek prest zuten herritarrak dantzan jartzeko tresneria eta errepertorio guztia. Eta, bat-batean, euria. Xirimiria hasieran, zaparrada gero. Zaleak eta artistak, triste, azkenik jotzerik izango zuten jakin gabe. Zorionez, euriteak ez zuen asko iraun, eta arratsalde goibela ederki alaitu zuten 70. hamarkadako rock doinuak gurera ekarriz.
Taldeak bezala du izena euren lehenengo CDak: Pig&Kiss. Kontzertu dinamiko eta freskoa eskainiz, lan hori aurkeztu zuten Atsobakarren, atzo. Hamar abestik osatzen dute talde zarauztarraren aurreneko estudioko lanak. Gogotik egin zuten dantza ikus-entzuleek, Black Sugar Holes, The Muddy River edota Harshwoman abestiekin, besteak beste.
Lasarte-Oriako Udalak eta XpressionK ekimenak elkarrekin antolatu duten Kultur Kale Zikloko bigarren emanaldia izan zen atzo arratsaldekoa. Datorren asteko asteazkenean Lemon&Twist taldeak girotuko du arratsaldea, Okendo plazan. 20:00etan hasiko da kontzertua. Eguraldi txarra egingo balu, egunez aldatuko lukete emanaldia antolatzaileek.