50 urte eta beste hainbeste ospakizun

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 26a, 13:00

Sanpedroak hasi aurreko asteburuan ospatu dituzte urrezko ezteiak Palomo Linares elkarteko kideek. Bazkari herrikoia, zezensuzkoa, xexenak eta zaldiak Isla plazan, Suberri taldearen emanaldia, buruhandiak...ez da ezer falta izan

Topera ospatu dituzte elkartearen 50 urteak Palomo Linareseko bazkideek. Sanpedroak hasi aurreko asteburua aukeratu dute ekintzaz betetako egitaraua egiteko. Larunbat eguerdian ekin zieten ospakizunei. Elkartearen bandera altxa zuten, eta ATLOko kideek eskainitako danborrada entzun. Palomo Linaresen egoitzako plazan bazkaldu zuten gero. Zenbait udal ordezkari eta herriko hainbat elkartetako ordezkari ere eseri ziren mahaietan. 

Bazkalostean barre-algarak entzun ziren plazan. El Feli artistak bakarrizketa saioa egin zuen. Ondoren, gaztetxoek xexen eta zaldien inguruan egin zuten lasterka Ganbo kalean eta Isla plazan. Gauean ere bai, baina zezensuzkoaren aurrean.
Igandean zehar ere hainbat ekintza egin zituzten: emanaldia eskaini zuen SuBerri akordeoi taldeak, txikienek primeran pasa zuten puzgarrietan, eta, bukatzeko, elkartearen bandera jaitsi eta ereserkia abestu zuten.

Ospakizun hauek diruz laguntzeko hitzarmena sinatu zuten ostiralean Udalak eta Palomo Linares elkarteak. 3.344 euro eman ditu Udalak.