22 herritarren eskuzabaltasuna eskertua

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 27a, 11:30
Transplanteak edo hainbat ebakuntza egiteko odola behar da. Gipuzkoako odol emaileei esker, ospitaleek duten behar hori ase eta milaka pertsonen bizia salbatzen da. Eskuzabaltasun hori eskertzeko odol emaileen ordezkaritza ezberdinek bilkura egiten dute urtero. Lasarte-Oriako taldea Oria Beheko ordezkaritzaren barruan dago kokatua. Ordezkaritza honetako kideak lehengo asteko igandean bildu ziren mahai baten inguruan.

Urnieta, Hernani, Usurbil, Orio, Aia, Ibarra, Berastegi, Ereñozu, Irura, Anoeta, Tolosa, Asteasu, Villabona, Andoain eta Lasarte-Oriako 170 bat odol emaile bildu ziren urriaren 23an, igandean, Urnietako Oianume jatetxean Oria Beheko odol emaileen ordezkaritzak antolatutako ekitaldian.

Honetan 25, 40, 50 eta 75 odol-ateratze bete dituzten odol emaileek urrezko edo zilarrezko oroigarriak eta emaile bikaina saria jaso zuten Joxe Usabiaga ordezkaritzako lehendakariaren eskutik. Harekin batera Amaia Horrillo ordezkaritzako idazkaria ere izan zen.

Sari banaketa girotzen, dantzariak eta bertsolariak izan ziren. Ekitaldia Berastegi, Ibarra eta Tolosako ordezkariek antolatu zuten.

Lasarteoriatarrak saridun

Ekitaldi honetan Lasarte-Oriako 22 herritar izan ziren sarituak, haien eskuzabaltasuna eskertuz.

25 odol-ateratze egiteagatik zilarrezko oroigarria jaso zuten Andres del Olmok, Patxi Delgadok, Mari Sol Fernandezek, Maria del Carmen Gratisek, Raul Quintanillak, Carmen Riverok, Cristobal Sarmientok, Iban Urkizuk eta Imanol Zinkunegik.

Urrezko oroigarria, 40 edo 50 odol-ateratzerengatik, Pepi Aldazabalek, Milagros Larburuk, Margarita Sanchezek, Juan Mari Aizpuruak, Pablo Carreterok, Jon Batista Galarragak, Jesus Mari Gonzalezek, Bernaitz Odriozolak eta Jesus Sañudok eskuratu zuten.

75 odol-ateratze izateagatik ematen den emaile bikaina saria berriz, Enrique Peña Basterra, Iñaki Guijarro, Jose Manuel Mateos eta Roberto Reberentzat izan zen.

Lasarte-Oriako Odol emailetako taldeko kideek azaldu digutenez, “ezin izan ziren guztiak sari banaketara hurbildu”.

Banaketaren ostean, giro ederrean, guztiek ederki bazkaldu zuten.

Odol-ateratzea

Bestalde, urriaren 31ean, hilabeteko azken astelehena izanik, ohikoa den moduan arratsaldeko 17:30etatik 20:30era Odol emaileen elkarteko kideak Osasun Zentroan izango dira odol-ateratzeak egiten.

Elkarteak herritarrak animatzen ditu Osasun zentrora hurbildu eta odola ematera, “hau ordezkaezina da eta beharra dago”.