2018 urteko ordenantzak onartu dira

Nerea Eizagirre 2017ko aza. 3a, 12:00
2018 urteko ordenantza fiskalak behin behinekoz onartu ditu Udalbatzarrak. Emendakinak aztertu dira eta PSE-EEk EHBilduri proposatutako bi transakzio-emendakin bakarrik onartu dira. Ez da aldaketa nabarmenik egon eta nagusiki %1,2ko igoera izango dute tasa eta zergek. Batzarraren ostean, Jesus Zaballos alkateak ordenantzetan emandako aldaketa eta berrikuntzak azaldu ditu.

Pozik agertu da Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkatea ordenantza fiskalak onartu direlako. “Beste alderdiek ez dituzte atzera bota”, aipatu du. PSE-EEren aldeko botoek ahalbideratu dute onarpena. EHBildu, Lasarte-Oriak Ahal du eta EAJ abstenitu egin dira eta PPk aurka bozkatu du.

Jesus Zaballos alkateak nabarmendu lez, “azken urteetan bezala Espainiako Aurrezki Kutxen Fundazioak, Funcasek  proposatutakoarekin bat egiten dugu, KPIa igo”. Era honetara, orokorrean 2018 urteko tasak %1,20a igoko dira. Salbuespenak zabor tasa, higiezinen gainbalioa eta kiroldegiko abonuen tasa dira.

Zabor tasak %5aren igoera izango du 2018an. “San Markos Mankomunitatearen erabakiaren ondorio da igoera hori. Atez ateko sistema duten herriek helegitea jarri zuten behar ez zuten zerbitzu bat ordaintzen zutelako. Epaitegiek arrazoi eman eta zerbitzu horren kostea beste herriei gehitu digu San Markosek. Hori horrela izanik eta udalak zaborren gastuen estaldura maila mantendu nahi duenez, tasa igo da.”

Higiezinen gainbalioa, berriz, %4a igoko da. Alkateak azaldutakoaren arabera, “Aldundiak gehiengoa %15an du ezarria. Hainbat  herriekin konparatua baxua du Lasarte-Oriak”.

Kiroldegiko abonuei dagokionez, Buruntzaldeko Mankomunitateko Kirol zerbitzuek adostutako tasa ezarriko da. Abonu familiarrak %1,67ko igoera izango du, helduen abonuak %1,20 eta haurrenak %2a. 

Berrikuntzak

Alkatearen hitzetan, 2018 urteko ordenantzetan “berrikuntza txikiak ere” badaude.

Hauek Udalbatzarrean onartu diren bi transakzio-emendakin, Gizarte Zerbitzuetan sortuko diren zerbitzu berrien tasak eta tutoretzapeko pisuen egoiliarrentzako edo familia ugarientzako hobarien irizpideetako aldaketak dira.

Alkateak azaldu moduan, Gizarte Zerbitzuek urtarriletik aurrera mendekotasunik ez duten pertsona adinduentzako jangela zerbitzua eta jarduerak dituen eguneko zentroa jarri behar ditu martxan Biyak Bat elkartean eta horien tasak zehaztu dira.

Bestetik, tutoretzapeko pisuetan bizi diren pertsona adinduek gutxienez 6 hilabetez egon beharko dute erroldatuak hobariak jasotzeko.

Familia ugarien kasuan, “Hirukide Familia ugarien elkartearekin bildu ostean, irizpideei mugak aldatzea erabaki zen”. Honela familia ugariek higiezinen tasako hobariak jasoko dituzte etxearen balio katastrala 182.000 euro baino gutxiagokoa bada eta ibilgailuen gaineko zergan, zaldi potentzia fiskala 15,99a baino gutxiagokoa bada.

Udalbatzarra

Hala ere, udalbatzarrean ez dira gai hauek guztiak jorratu. Ogasun Batzordean landu eta bertan onartu ez ziren emendakinak izan dira aztergai.

EHBildu eta PPk ordenantzen emendakin partziala egin dute eta biak atzera bota ditu Udalbatzarrak.

Ostean, EHBilduren zortzi emendakin, Lasarte-Oriak Ahal du alderdiaren eta EAJren emendakin bana eta EHBilduk eta Lasarte-Oriak Ahal duk aurkeztutako transakzio-emendakina izan dira mahai gainean. Besteak beste, Aire Garbiak 5. edukiontziaren erabiltzaileei  hobariak ezartzeko aurkeztutako proposamena, familia ugarietako guraso bananduentzako higiezinen tasan hobariak edo etxebizitza hutsen tasa igotzea. Azken bi gai hauek izan dira transakzio-emendakin bidez onartu direnak.

Honela, familia ugaria duten guraso bananduek, %50eko hobaria izango dute beti ere, zaintza partekatua bada eta haurrak etxebizitza batetik bestera badabiltza.

Bestalde, etxebizitza hutsa duten herritarrek, Alokabideren Bizigune programan parte hartzea adostu eta hitzarmena eginez gero, %50ko hobaria izango dute.

Lanketa eza

Honez gain, EAJ orokorrean bat etorri da ordenantza fiskaletan eman den igoerarekin. Baina berrikuntzarik ez egotea aurpegiratu dio Gobernuari, baita lanketa eza ere. “Aurre lanketarik ez da egon eta atzerapausoa iruditzen zaigu hori. Zenbait tasek lanketa propioa behar dutela uste dugu, hala nola, zaborren edo uraren tasa. Saiakerak egin dira tasa horiei irizpide egokiagoak ezartzeko. Berrikuspen sakonagoa behar dute”.

Lasarte-Oriak Ahal du alderdiak ere ordenantzak aztertzeko epea motzari buruzko kritika egin du bere mintzaldi txanda batean, “zortzi egun besterik ez ditugu izan eta berriro ere, ordenantza fiskalak lantzeko mahaia martxan jartzea eskertuko genuke”.

Alkateak egindako agerraldian lanketa mahairik ez dela egon eta epe labur batean guztia egin dela onartu du. “Abenduaren 31erako ordenantzak onartuak egon behar dute, beraz, egutegiaren arabera egin dugu lan. Zortzi egun bakarrik izan dituzte alderdiek ordenantzak aztertu eta haien emendakinak egiteko. Orain behin behinekoz onartu ditugu. GAOn argitaratu eta hilabetez alegazioak egiteko aukera izango da. Alegaziorik egon ezean, behin betikoz onartuko dira. Baina alegaziorik badago, beste hamabost egun beharko dira”.

Hala ere, lanketarik ez egitea egotzi die beste alderdiei eta hurrengo urterako ordenantzetan lan egiteko gomendioa egin die, “KPIa berriro ere igotzea izango da gure proposamena”.

Hala ere, PPren, EAJren eta EHBilduren ordenantza fiskalei buruzko jarrera gaitzetsi du.

“PPko zinegotzia ez da batzordeetara agertu eta emendakin partziala egin du. Bere azalpenean krisia eta langabezia tasa aipatzen ditu tasak izozteko argudio bezala, bere alderdia Gobernuan egonda larria iruditzen zait hori aipatzea, izan ere, egoera hobera doala dio Gobernuak,” adierazi du.

Bestetik EAJ eta EHBilduren koherentzia falta salatu du. “Haiek gobernuan zeudenean tasak KPIren arabera edo higiezinen gainbalioa %4a igo zuten eta orain izoztea edo KPIa bakarrik ezartzea eskatzen dute”.

EHBilduren kasuan gainera, aurreko urteko emendakinak errepikatzea leporatu dio.