157.765 euro bideratu ditu udalak gizarte larrialdietara

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 19a, 12:00

Lasarte-Oriako Udalak 128 laguntza eman ditu 2017. urtean. Horietaz gain, hamasei laguntza ukatu ditu

Gizarte larrialdietarako 128 laguntza eman ditu udalak 2017. urtean, eta guztira, 157.765 euro bideratu ditu horretarako. Horietatik 155.380 euro Eusko Jaurlaritzak eman ditu, eta gainerako 2.385 euroak Lasarte-Oriako Udalak jarri ditu.

Emandako 128 laguntzetatik 43 ohiko etxebizitza mantentzeko beharrezko gastuetarako eman dituzte; zazpi laguntza gizarte larrialdiko egoera baino lehenago hartutako kredituen interes eta amortizazioaren ondoriozko gastuak ordaintzeko; 50 energia eta mantentze lanetara bideratu dira; eta bi etxebizitzaren bizigarritasunera.

Horiekin batera, hemeretzi, premiazko beharrei erantzuteko bideratu dira, eta zazpi, berriz, zorpetzearen ondoriozko gastuetara.

Horiekin batera, hamasei laguntza ukatu ditu udalak. Hamar, baldintzak betetzen ez zituztelako; hiru,  dokumentazioa ez zutelako aurkeztu; eta beste hiru, beste laguntzak  jasotzen dituztelako.