San Tomas azoka agurtu, eta Mari Domingi eta Olentzeroren zain daude lasarteoritarrak. Atzera kontuan ari dira dagoeneko herritarrak ikazkinaren eta Mari Domingiren opariak jasotzeko.
Horretarako eskutitzak idatzi behar dituzte, eta horiek Olentzerori, Mari Domingiri eta Xixuko laguntzaileari emateko aukera izango dute datorren hilaren 24an. Ttakun Kultur Elkarteak harrera ekitaldia antolatuko du egun horretarako.
Desfilearekin hasiera
Loidibarrengo pilotalekutik hasita, desfilea egingo dute Lasarte-Oriako kaleetan barrena; Porrotx bihurriak lagunduko ditu Olentzero, Mari Domingi eta Xixuko eta berarekin batera baita Galtzagorriak, arkumetxoak eta gainerako lagunak ere.
Gazte Klubeko eta Kuadrillategiko DBH2ko kideak ere pertsonaia mitologikoz jantzi, eta desfilean arituko dira horiek ere. Sorginak, Basajaun, Tartalo, Basandere, Mari Teilatuko eta lamiek lagunduko dute Olentzero, Mari Domingi eta Xixukoren desfilea. Kuadrillategiko DBH1 mailako gazteek argi-zuziriekin apainduko dute desfilea.
Amaraun Klubeko gaztetxoek aldiz, tailerra izan dute eta otartxoak prestatu dituzte desfilean erabiltzeko. Konfetiz beteko dituzte, eta herriko kaleak koloreztatuko dituzte desfileak iraun bitartean. Ttirriki Ttarrakako trikitilariak arduratuko dira giroari musika jartzeaz, eta Jalguneko kideek ere parte hartuko dute desfilean. Horiekin batera, nahi duten herritarrek ere parte hartu dezake. Elkartzeko ordua 16:45 da.
Mari Domingi eta Olentzero Okendon
Okendo plazan amaituko da desfilea. 18:00etan iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi plazara, eta orduan hasiko da ekitaldia.
Olentzero prestatu bitartean, Mari Domingik, Xixukok eta Porrotxek ezusteko ugari ekarriko dituzte oholtza gainera, eta musikak lagunduta dantzarako tartea ere izango dute. Ikazkinari harrera beroa egingo diote gero plazan bildutakoek; Galtzagorri eta arkumetxoek lagunduta igoko da oholtzara, eta lasarteoriatarrei hitz egingo die. Emanaldi horren ostean, haurrek idatzitako eskutitzak jasoko dituzte Olentzerok, Mari Domingik eta Xixukok. Iluntzeko 20:00ak bitarte luzatuko da ekintza; ordu horretan herritarrak agurtu eta berriro ere mendira bueltatu eta gau osoan zehar opariak prestatzeko.
Antolatzaileek jakinarazi dute eguraldi txarra eginez gero Loidibarrengo pilotalekuan egingo dutela ekitaldia.