Indarkeria matxistaren aurkako asterako egitaraua prestatu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 19a, 17:53
Indarkeria matxistaren aurkako eguna da azaroaren 25a. Lasarte-Oriako Udalak, Emakumeen Zentro Zibikoarekin eta beste zenbait eragilerekin batera hainbat ekintza antolatu ditu, herritarrak kontzientzia hartu dezaten

Ekintzez beteriko egitarau zabala osatu du aurten ere udalak azaroaren 25erako. Horren berri eman dute astelehen eguerdian udaleko ordezkariek eta teknikariek.

Bihar izango dira lehenengo ekintzak. Goizeko 11:00etan 'Motxila ibiltaria' proiektua aurkeztuko dute, liburutegian. Liburuekin eta eskuorriz betetako motxila bat jarriko dute liburutegian, eta interesa duen edozein pertsonak bere etxera eraman ahal izango du bertan dagoen dokumentazioa irakurtzeko. Behin irakurri dutenean, berriz ere liburutegira itzuli beharko dute motxila, beste herritar batek hartu ahal izateko.

Egun berean, baina 19:00etan "Ekintza komunitarioak: Emakumeak indarkeria matxistarik gabeko bizitza baten alde" hitzaldia eskainiko dute. Sorburu Kooperativa Feminista eta Emagin Elkartea izango dira ekintzaren dinamizatzaileak.

Asteazken eguerdian herriko seinaleak inauguratuko dituzte.  "Indarkeria matxistarik ez! Lasarte-Orian errespetua bultzatuz"  leloa irakurri ahal izango da horietan, eta herriko sarrera ezberdinetan jarriko dituzte.

Ostegunean, berriz, helduentzako liburu eta DVD ez sexistaren gida aurkeztuko dute, liburutegian, eta ostiral arratsalderako ere antolatu dute ekintzarik. "La primavera de Antonia" antzerkia ikusteko aukera izango dute herritarrek kultur etxean. Makelur taldeak eskainiko du obra, eta hiru eurotan eskuratu ahal izango dira sarrerak.

Azaroaren 25a, igandea

Urtero bezala, emakumeen aurkako indarkeria gaitzetsi eta arbuiatzeko elkarretaratzea deitu dute, Okendo plazan, 12:00etan. Iluntzean "Viaje al cuarto de una madre" filma emango dute kultur etxean. 19:00etan izango da hitzordua, eta 5.50 euroko kostua izango dute sarrerek.

Amaitzeko azaroaren 28an "Baziren behin neska abenturazaleak eta mutil ameslariak" ipuin kontaketa saio eskainiko du Bea Egizabal herritarrak.