Animaliak non paseatu zehaztuko du Udalak panelen bitartez

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 8a, 11:00
Txakur jabeen, animalien eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko pauso berri bat emango du Lasarte-Oriako Udalak. Lasarte-Oriako berdeguneetan kartelak ezarriko ditu herritarrek animaliak aske ibili daitezkeen jakiteko. Era honetara, animalien udal araudian dauden guneak eta ordutegiak jakinaraziko dira

Udalerri lagunkoi baten alde. Jabe eredugarria nahi dut kanpainak jarraipena du. Urtean hasieran auzoetako plazetan izan zen udala herritarrei animalien udal araudia azaldu eta konpromisoa betetzen zuten herritarrei jabe eredugarria txapak banatzen. Orain araudia oinarri hartuta, kartelak jarriko dira txakurrak paseatu daitezkeen berdeguneetan, ordutegiak zehaztuz. Jesus Zaballos alkateak eta Zerbitzuetako zinegotzi Jose Mari Urdampilletak aurkeztu dute ekimena.

6 kartel handi banatuko dira auzo ezberdinetan eta herriko hainbat berdeguneetan txikiak egongo dira. Kartel handietan txakurrak paseatu daitezkeen guneak ikusi ahalko dituzte herritarrek, udal ordezkariek azaldu dutenez.  Lau kolore ezberdinetan banatu dira araudiaren arabera: gorria, berdea, urdina eta arrosa. Gorrian txakurrek ezin dute ibili, berdean libre ibili daitezke egun osoaz; urdinean 18:00etatik 11:00etara aske gon daitezke eta azkenik, arrosan, udan 23:00etatik 10:00etara eta neguan 21:00etatik 10:00etara egon daitezke txakurrak. Kartel txikiak berriz, eremu ezberdinetan jarriko dira eta gune bakoitzeko ordutegia zehaztuko da.

“Era honetara, herritar guztiek jakingo dute zein den eremu bakoitzeko ordutegia eta araua betetzen ez duen norbait ikustean ohartarazi ahalko dute”, azpimarratu du Urdampilletak.

Honez gain, araudiko beste puntu batzuk ere agertzen dira paneletan, hala nola, animali arriskututsuek muturrekoa eraman eta lotuta joan behar dutela ohartarazten da edo gorozkiak jaso ezean, ezarri daitezkeen isunen zenbatekoak.

Guztira 42 panel izango dira.  Girod SL enpresak egin ditu eta 3.728 euroko gastua dute. Hurrengo egunetan  ezarriko direla jakitera eman dute.