Euriak arratsaldea busti arren, ekintzek aurrera egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 30a, 19:54
Bertsopoteaoa, xexenak eta dantzaldia izan dira larunbat arratsaldeko ekintzak nagusiak

Arratsaldean Andatza plazako haurrentzako parkeak jarraipena izan du. Bertan arratsalde pasa dibertigarria egiteko aukera izan dute lasarteoriatar gaztetxoek. Bien bitartean, Palomo Linares elkartearen eskutik, zezen txikiekin eta poniekin ere aritu dira, Isla plazan. Sustoren bat ere izan da ekitaldian; ezustean zezen txiki batek agertokira salto egin eta bertan ikusten ari zen gaztetxo batek mina hartu du.

Sorginak eta aztiak, berriz, bertso-poteoan pasa dituzte herriko tabernak. Eguraldiak giroa zertxobait apaldu du, baina bertsolariak arduratu dira haien kantu eta okurrentziekin giro ona sustatzeaz. Lierni Rekondo herritarra aritu da mikroarekin, baita Asier ere. Biak Lasarte-Oriako Bertso Eskolakoak. Beñat eta Andonik lagundu dute. Bozgorailu eta mikroarekin, herriko tabernetan izan dira. Besteak beste, txosnetan, Ilargin eta Artizarren. Euria dela-eta geldialditxo bat egin behar izan dute Oriarte ondoko arkupetan. 

Bestalde, gauari hasiera eman aurretik dantza lehiaketa egin dute Jaizkibel plazan. Nabaritu da erakustaldirako entseguak egin dituztela; ezin hobeto mugitu dituzte gorputzak musikaren erritmora. Ruben Arranz (Erketz EDT), Amaia Caballero eta Patricia Martin (Gym Saito) izan dira epaimahaiak. Horren ostean, festarekin jarraitzeko, minidiskoarekin jarraitu dute.