Dantza, kirola eta elkartasuna nagusi

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 30a, 15:50
Pilota txapelketa, lerroko dantzak, patinajea... herritarrak kirol eta dantza zaleak direla erakutsi dute. Sorgin Jaietan elkartasunerako tartea izan da

San Pedro gaueko parrandaren ostean, txarangek eta herriko txistulariek esnatu dute herria eta kaleak alaitu dituzte. 

Pilota zaleek Loidi Barreneko pilotalekua bete dute Intza elkarteak antolatutako txapelketako finalak ikusteko. Benjamin A, Alebin A, Alebin B eta lnfantil mailetako partidak izan dira.

Okendo plazan,  hiru erakustaldi ezberdin egon dira. Lehenik, Biyak Bat Elkarteko kideek  lerroko dantzak eskaini dituzte. APGko kideek, aldiz, lerroko patinen gainean duten abilezia erakutsi dute. Aratz gaztetxoak aizkorarekin lan egin du eta herriko txikiak trontzan nola egin ikasi dute, Sorgin Jaien eskutik.

Gaztetxoek lasterketa ederrak egin dituzte buruhandien aurretik eta erraldoiek ederki egin dute dantza Gau Txori txarangaren doinuekin.

Elkartasunerako tartea ere izan da Sorgin jaien eskutik.Lehenik Bada garaia, presoak kalera lelopean manifestazioa izan da herriko kaleetan barrena. Hainbat herritar bildu dira euskal eta herriko presoen kaleratzea eskatzeko. Amaitzean, elkartasun bazkaria gozoa dastatu dute Okendo plazan bildu direnek.

Argazkiak eta bideoak gure galerietan ikusgai.