David Heras: "Ea datorren urtean berriro elkartzen garen hemen!"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko api. 14a, 18:10
Harrera beroa egin diote gaur David Heras herritarrari udaletxeko pleno aretoan. Goya saria irabazi zuen otsaila hasieran, 'Handia' filmeko efektu bereziengatik. Beste hainbat proiektutan dabil sartuta orain, buru-belarri: "Ea datorren urtean beste Goya bat irabazi, eta hemen elkartzen garen!"

Efektu berezirik gabekoa izan da gaurko harrera; dena izan da erreala, gure begiek ikusten duten bezalakoa. David Heras herritarra pozarren sartu da udaletxeko pleno aretora, otsail hasieran irabazitako Goya saria besoetan. Udal korporazioko kideek harrera xume eta beroa egin diote lasarteoriatarrari. Bost izendapen eta gero, seigarrenean eskuratu du sari preziatua, Handia filmeko efektu bereziengatik. "Aurreko izendapenetan ez nuen irabazi, eta oraingoan tokatzen zitzaidan; argi neukan, nire izena entzun izan ez banu, lapurtu egingo nukeela saria", adierazi du, umoretsu. Barre-algarak eta zorion-keinuak (hauek ere benetakoak, jakina) etengabekoak izan dira udalbatzar aretoan. Herasen ahaide eta lagun ugarik bete dute aretoa.

"Lasarte-Oria ez da herri oso handia, baina talentua oso kontzentratua dago: urre olinpikoak, mota guztietako garaikurrak, eta, orain, Goya saria. Lasarteoriatar guztiontzako berri oso pozgarria da zuk sari hau irabazi izana", nabarmendu du Jesus Zaballos alkateak. Alkateak berak eta korporazioko gainontzeko kideek aukera izan dute garaikurra eskuetan hartzeko, gertutik ikusteko; txundituta geratu dira, pisutsu samarra baita. "Pentsa ezazue, galan zehar, bost bat ordu eman nituen garaikurrarekin! Halere, oso gustura nengoen ni, jakina!", aipatu du Herasek. Lanak izan ditu bukaeran argazkia ateratzeko, beste oroigarri bat jaso baitu gaurkoan: plaka bat, izen eta guzti, Lasarte-Oriako Udalaren aitortza gisa.

Herasek aipatu duenez, hainbat proiektutan dabil murgilduta egun. Ezin du askorik aurreratu, horietako asko oraindik ez daudelako bukatuta, eta ezin duelako informazio gehiegirik eman. Euskal Herrian arreta asko deitu duen Errementari filmeko efektu bereziak egin ditu, esate baterako. "Orain Oscar sariaren bila, David!", bota du herritarraren lagunetako batek. Heras, oraingoz behintzat, konformatzen da hurrengo urtean berriro udalbatzar aretoan egotearekin: "Ea datorren urtean berriro elkartzen garen hemen!".