Duela hamazazpi urte, 2011eko martxoaren 20an, Froilan Elespe zinegotzi sozialista erail zuen ETAk. Orduz geroztik, urtero-urtero, PSE-EE alderdiko kideak eta Elesperen lagun eta ahaideak Ilarraltzueta hilerrian elkartzen dira, euren alderdikidea gogoratu eta Lasarte-Orian egin zuen lana nabarmentzeko. Horrela izan da gaur ere: hilerrian egon dira Tomasi Pelaz alarguna eta Josu zein Andoni semeak, eta baita alderdi sozialistako hainbat partaide ere. Besteak beste, Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkatea eta Ana Urchueguia alkate ohia, Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde plangintza eta Etxebizitzako sailburua.
Elesperen hilobi alboan larrosa gorri sortak utzi eta gero, Eneko Anduezak hartu du hitza. "Albiste hobeak ekarri nahi nizkizun, baina Reala, zure Reala, aurten ez da ari ongi jokatzen. Hein batean, sozialiston ibilbidearekin alderatu daiteke Reala: talde, alderdi politiko eta ideia batzuen bidea ez da izaten erraza, baina beti egiten dute aurrera".
Lasarte-Oriako PSE-EEko zinegotzi izandakoaren ibilbidea ere izan du hizpide Anduezak. "Lasarteoriatarren alde gogotik egin zenuen lan, den-dena eman zenuen. Oraindik galdetzen diogu gure buruei zergatik erail zintuen ETAk".
Anduezaren hitzak entzun ostean, txaloek hartu dute protagonismoa Ilarraltzuetan. Ekitaldia amaitze aldera, Internazionala abestu dute bertara joandakoek.
Danok Kide, saritua
Hilerritik jaitsi, eta Lasarte-Oriako Casa del Pueblon elkartu dira herriko PSE-EEko kideak eta Elesperen ahaide eta lagunak. Bertan izan dira Danok Kideko ordezkariak ere, Julio Valiente lehendakaria eta Jesus Mari Egizabal lehendakariordea buru. Elkarte horrek jaso du Froilan Elespe saria aurten. Seigarrenez antolatu du ekitaldia Lasarte-Oriako alderdi sozialistak.
Danok Kideko partaideek hunkituta eta eskertuta jaso dute saria. 1962an sortu ziren, eta, orduz geroztik, lan ikaragarria egin dute Lasarte-Oriaren alde. Merezitako aitortza jaso dute gaurkoan.