Sasoeta auzoko lokalen eraisketaren fase berria martxan jarri du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 20a, 17:30

Lasarte-Oriako Udalak Jaizkibel plazako lokalen eraispen eta berrurbanizatze proiektuak esleitu ditu. Injelan enpresak idatziko ditu proiektuak eta kostua 21.477,50 euroko da. Jesus Zaballos alkateak eta Agustin Valdivia hirigintza saileko arduradunak esleipenaren berri eman dute.

Sasoeta auzoko San Marcial, Uzturre eta Jaizkibel plazetako lokalen eraisketaren fase berria aurrera eramango du Udalak. Alkateak gogoratu duenez: “Sozialistek bere garaian arau subsidiarioen bitartez, eremu horretako hainbat lokal ordenazioz kanpo utzi zituen. Gure helburua auzoan zeuden puntu beltzak desagerraraztea zen”.

Lehen fasea,  San Marcial eta Uzturre plazak, “azken detailetxoak faltan” amaitu da. “Herritarrak oso pozik agertu dira bertan egin diren kirol eremu eta atseden eremuarekin”.

Orain Jaizkibel plazaren txanda izango da. Bertan etxe artean dauden patioetako lokalak hau da, Boomerang bolatokia, TIEN21, Jordedoren biltegia eta Gabirondo altzariak erakusleiho bezala erabiltzen zuen lokala eraitsiko dira.

Jaizkibel plazako lanen proiektuei buruz hitz egin baino lehen, alkateak San Marcial eta Uzturre plazak berrurbanizatzerako orduan EH Bilduren kudeaketa “txarra” izan zela leporatu du. “Legealdia hasi genuenean Uzturre eta San Marcial plazetako eraispenak egiten ari zirela aurkitu ginen. Denbora luzez gainera geratua egon behar izan zen amiantoa aurkitu zen eta. Horretaz gain, ez zegoen zehaztua zer egingo zen. Berrurbanizatze proiektua eta gauzatzea esleitu behar izan genien bi enpresa ezberdinei. Beraz lau enpresa behar izan ziren guztia egiteko”.

Hori ekidin nahian, fase hau aurrera eramateko gobernuak bi esleipen egingo ditu. Lehenik proiektuak eta ostean, lanak. Era honetara, prozesua jarraian egitea espero du udalak.

Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, lau enpresari egin zaie eskaintza lokalen eraisketen eta berrurbanizatze proiektua gauzatzeko eta Injelanek egin du proposamen onena. Bi proiektuek 21.477,50 euro kostua izango dute.

Alkateak udalak enpresarekin batera lan egingo duela aipatu du eta Agustin Valdiviak azpimarratu duenez: “Sasoeta Sasoian parte hartze prozesuan herritarrek egindako eskaerak kontuan izango dira proiektua idazterako orduan. Esate baterako, plaza inguratzen duen portxea mantendu behar dute”.

Halabaina, 15B partzelan, Jordedoren biltegia eta Gabirondo altzarien erakusleihoa eremuan, garajeetako larrialdietako irteera utzi behar da eta horrek eremu horretako berrurbanizatzea baldintzatuko duela eman du jakitera alkateak.

Honetaz gain, San Marcial eta Uzturre plazen eraispenetan amiantoarekin jazotako arazoak ekiditearren proiektuan nola jokatu aipatuko dela azpimarratu du Valdiviak.

Fase honen ostean, eremuko berritze lanak amaitutzat ematen direla eman du jakitera alkateak.