Eguraldi txarrak ez du jaia zapuztu

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko aza. 25a, 21:00
Laino grisei eta euriari aurpegi ona jarri, eta gogotik gozatu dute lasarteoriatarrek Euskal Jaiaz. Goizean hasi da festa, eta gaueko ordu txikietara arte luzatu du bat baino gehiagok

Goizean goiz, ohetik jaiki eta pertsiana irekitzean, aurpegia goibeldu zaio bati baino gehiagori: laino beltzak, euria goian-beheran eta Euskal Jaiarekin zer gertatuko zen ikusteko ezinegona. Antolatzaileek aurrera jarraitu dute, eta hau gerta zitekeela aurreikusita, erabaki dute Loidibarren pilotalekura eramatea festa, Okendo plaza utzita. Ikusitakoa ikusita, ez zaie jokaldia batere gaizki atera. Makina bat herritar atera dira kalera, euskal jantziak soinean, eguraldi txarrari aurpegi ona jarriz.

Txistulariak arduratu dira Lasarte-Oria esnatzeaz. 10:00ak pasatxo ekin diote txistuak eta danbolina jotzeari: herriko erdiguneko hainbat kale zeharkatu dituzte, plazara itzuli aurretik. Goizetik etengabe bota eta bota aritu den euriak atseden hartu du, eta hori baliatu dute Xumela abesbatzako kideek kantujirari ekiteko. Andatza plazan elkartu dira, eta bertan astindu dituzte gorputzak aurrenekoz. Gero, Jaizkibel enparantzara joan dira, handik jaitsi eta Kale Nagusia zeharkatzeko. Ur-tantak orduan hasi dira zerutik jausten berriro, baina ordurako motorrak bero-bero zituzten, eta, aterkiak zabal-zabalik zituztela, Sagardotegi plazaraino iritsi dira.

Bazkari jendetsua, bazkaloste umoretsua

Loidibarrenera iritsi ahala, herritarren urdailak hotsak ateratzen hasi dira. Gosea pizten duen usain horietako bat zegoen: arroz paellarena. Eseri eta berehala hasi dira zerbitzari bolondresak arrozez eta oilaskoz betetako platerak ekartzen. Edateko, nahi adina sagardo, ardo edo ur fresko. Ehundik gora jankide elkartu dira pilotalekuan.

Bazkalostean, Xumela, Zarauzko Montetxio eta Hondarribiko Olagarro abesbatzak aritu dira oholtza gainean, elkarrekin. Gero, Intza Alkain gazteak barre-algaraka jarri ditu ikusentzule guztiak bere okurrentzia umoretsuekin.

Hiru altxaldi Okerra harriari

Beñat Telleria herritar gaztea eta Ostolaza II.ak erakustaldi bikaina eskaini dute Loidibarrenen. Hainbat harri desberdin altxa dituzte: 100 kiloko kubikoa, 178 kilokoa, 130 kiloko ingudea ere bai...eta baita Okerra ere. Guztietan zailena hori da, irregularra delako, zaila delako asmatzea nola altxa, nondik heldu...eta 140 kilo pasatxo pisatzen dituelako. Dena den, Ostolaza II.ak erronka onartu, eta hiru aldiz altxatzea lortu du, ikusleen txalo artean. Lanak bukatu eta gero onartu du zailtasunak eduki dituela harriari neurria hartzeko: "Ibili izan naiz Okerra altxatzen behin baino gehiagotan, baina bada denbora azkeneko alditik, eta ahaztu egiten zaizu harria nola altxa". 

Telleriatarrena harrijasotzaile familia da. Gazteena da Beñat, eta sasoi betean dagoela erakutsi du gaur arratsaldean: 100 kiloko kubikoa hamar aldiz altxa du 57 segundo eskasetan, adibidez.

Eguna biribiltzeko, erromeria eta poteoa

Euskal Jaia eta erromeria eskutik emanda joan ohi dira. Lasarte-Oriakoa ez da izan salbuespena, eta eguna biribiltzeko, dantzan aritu dira herritar ugari, gustura. Ttirriki-Ttarraka taldeko kideek jarri dituzte doinuak, Ixak Arruti gitarrajolearen eta Jokin Irastorza bateriajolearen laguntzarekin.

Bukatzeko, Oaintxe in deu! taldearekin batera, herriko tabernetatik ibili dira lasarteoriatarrak, poteoan. Inor ez zen eguraldi txarraz akordatzen ordurako. Euriak ezin izan du jaia zapuztu.

Argazki galeria

Bideoteka