Etxera karga-karga eginda iritsi da herritar bat baino gehiago: aterkia esku batean, eta Baserri Azokan egindako erosketak bestean. Gaurko eguraldia benetan kaskarra bada ere, hainbat animatu dira etxetik jaitsi eta Okendo plazara gerturatzeko, bertan salgai zeuden kalitatezko produktuekin hozkailu eta apalak betetzeko asmoz.
Tolosako babarrunak, ortutik zuzenean ekarritako barazki eta frutak, eskuz egindako pastak eta ogia, hestebeteak, lore eta landareak, krema eta ukenduak... Aukera zabala eduki dute lasarteoriatarrek. Denera, hamar artisau postuk eman diote kolorea Okendo plazari eta zeru grisari. Era berean, gaztetxoenek hainbat jokotan arituz pasa dute denbora.
Lasarte-Oriako Udalak eta Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak antolatu dute Baserri Azokaren bosgarren edizioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Helburu nagusiak da baserriko produktuen merkaturatzeari bultzadatxoa ematea, salmenta zuzenaren eredua indartuz eta baserritarren lana erakusleihoan jarriz.