Oholtza gainetik itzali ditu kandelak

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko urr. 28a, 23:49
None
Bost urte daramatza SuBerri Akordeoi taldeak musikaz gozatzen. Gaur arratsaldean ospatu dute 'urtebetetze festa', Manuel Lekuona kultur etxean. Oholtza gainetik itzali ditu kandelak, eskusoinuen hauspoei eraginez

SuBerrik bost urte bete ditu, eta horrelakoetan egin ohi denez, urtebetetze festa ederra antolatu du. Kandelak oholtza gainetik itzali dituzte taldeko kideek, eskusoinuen hauspoei gogotsu eraginez. Eta ez dute bosgarren urtemuga bakarrik ospatu, gonbidatu ugari etorri baitira festara: Kukuka Antzerki eta Dantza taldea, Semblante Andaluz, Erketz EDT, Alboka abesbatza, Amaia Gonzalez Caballero dantzaria eta ikasleak... Ez ahazteko modukoa izan da ospakizuna. Gutxienez beste bost urtez aritzeko adina indar hartu ditu gaur SuBerrik.

Erketz EDTko dantzariek aurreskua dantzatu diete SuBerrikoei. Aitortza xume baina polit horrekin ireki dute gaurko emanaldia. Ondoren, jazz doinuak taularatu ditu Elias Goikouriak maisuki zuzendutako musikari taldeak. Hori izan da oholtza gainean bakarrik egon diren une bakarretako bat, segituan hasi baitira herriko elkarteak parte hartzen. Hilabete luzez aritu dira entseatzen, eta gaur taularatu dute landutako guztia. Ederki, gainera.

Amaia Gonzalez Caballero dantzaria eta ikasleak igo dira aurrena. Hainbat areto-dantza oholtzaratu eta gero, urrezko bikotearen txanda iritsi da: Amaia Gonzalez eta Jose Mari Orbegozo. Aho-zabalik utzi dituzte auditorioa goraino bete duten ikusleak. Gonzalezek eta hainbat ikaslek oso-oso ezaguna den kantu bat ere ekarri dute gaur kultur etxera: Coldplay taldearen Viva la vida.

Erketz EDTko dantzari trebeek ere ikuskizun ederra eskaini dute, ohi bezala. Eta, Euskal Herriko dantza eta doinuetatik, Andaluziakoetara: Zambrako kideak oholtzaz oholtza dabiltza azkenaldian, eta gaur ere hartu dute parte. Pare bat koreografia taularatu, eta are gehiago bete da oholtza gero: Semblante Rociero koruko kideak sartu dira, Jose Perez Semblante Andaluz elkarteko lehendakaria barne. Buruko isuri bat tarteko, hainbat aste eman ditu osatzen, baina honezkero indarberritu da. Albiste bikaina, zalantzarik gabe.

Alboka, Ramon Irizar, Kukuka...

Tarteki bat sartu du kazetariak kronikan, apropos. Testuari (eta irakurleari) arnas apur bat hartzeko aukera eman nahi izan dio. Gaurko emanaldian ez da egon tartekirik, ordea. Ez da egon atsedenaldirik. Ordubete baino gehiago erritmo bizi-bizian, emanaldi bat bestearen atzetik, zein baino zein ikusgarriagoa. Bost urte ez dira egunero betetzen, eta SuBerrikoek (eta parte-hartzaile guztiek ere bai, jakina) hasieratik erakutsi dute den-dena taula gainean uzteko prest zeudela. Hala izan da.

Alboka abesbatzako kideek ukitu berezia (eta gorri kolorekoa) eman diote 'Barre egin nahi dugu' abestiarekin. Sudur gorriak jantzi, eta irribarretsu abestu dute, gustura. Euren ahots-kordekin jolasten ari balira bezala. Jolasten du baita ere, eta oso ondo, Ramon Irizarrek, saxofoiarekin. SuBerriko kideen eskusoinuekin ederki koordinatu da musikaria.

Lasarte-Oriako kulturgintzan hondar aletxo ugari jartzen darama Kukukak urteotan, eta gaurko ospakizun emanaldian ere egon da presente. Txaloak eta irrintziak ekarri gura zituzten auditoriora, eta lortu dute, arratsaldeari freskotasun puntua emanez.

Eta, bukatzeko, SuBerrik abesti mitiko bat oholtzaratu du: Queen taldearen Bohemian Rapsody

Eskertza...eta sorpresa!

Emanaldia hasi eta ordubete pasatxora bukatu dira musika eta dantza emanaldiak. Arestian esan bezala, ia atsedenik hartu gabe, bizkor-bizkor. Eskertzen txanda iritsi denean jaitsi da erritmoa. SuBerriko kideek hartu dute hitza, eta eskerrak eman dizkiete Lasarte-Oriako Udalari, Kultur batzordeari bereziki (eta Juantxi Ugarte teknikariari). Horrez gain, Iñaki Bereziartua musika denda (Elgoibar) nabarmendu dute, gaurko emanaldirako musika-tresnak uzteagatik. 

Bazirudien horrela bukatuko zela urtebetetze-festa, baina ez. Izan ere, zer nolako urtebetetze festa izango litzateke, opari edo sorpresa atseginik ez balego? Gaurkoa ez da izan salbuespena: SuBerriko kide batzuek bertso polita abestu diote Elias Goikouria zuzendariari. Ondoren, oroigarri pare bat eman dizkiote, bost urteotan egindako lana eskertuz. 

Opariak eta sorpresak egon dira, beraz. Eta tarta, eta kandelak. Benetan. Oholtza gainetik itzali dituzte. Kandelak bakarrik ez, gaurko musika erauntsiak sute bat ere itzaliko luke, pentsa. Baina ez luke amatatuko SuBerriko kideak musika egiten jarraitzera bultzatzen dituen gar hori. Ez behintzat gaur arratsaldean ikusi eta entzundakoa eta gero.

Argazki galeria