Frente del Nalon taldearen presidentea da Asier P. de Eulate. Besteak beste, aztertu du zein nolako armak erabili zituzten faxistek eta errepublikarrek, 1936ko altxamendu militarrean. Gai hori izan zuen hizpide, atzo, Antonio Mercero aretoan. Islada Ezkutatuakek antolatu du zikloa; hirugarren solasaldia izan zen atzokoa. Herritarrek adi entzun zituzten Eulatek esandakoak.
Gipuzkoarrek Errepublika defendatu zuten. "Gogo asko eta ideologia sendoa zeuzkaten gipuzkoarrek; armak, ez hainbeste eta ez faxistek bezain onak". Adibide ulerterraz baten bidez adierazi zuen bi bandoen arteko desoreka: "Pertsona bati mailu bat ematen badiozu, horrek ez du arotz bihurtzen; fusil bat emanez gero, soldadu ere ez. Faxistek laguntza profesionala jaso zuten gehienetan". Gogoetarako beste esaldi bat: "Gipuzkoak ez zeuzkan nahikoa arma lurralde historikoa defendatzeko, inolaz ere; dena den, mehatxuak mehatxu, ez zen errenditu, faxistek behin baino gehiagotan bonbardatu bazuten ere".
Nafarroarekin konparatu zuen Gipuzkoa Eulatek. Izan ere, Nafarroa altxatuen alde agertu zen. "Miliziaka antolatu zuten ejerzitoa, profesionalak ziren agintarien laguntzarekin". Zifra batzuk ere eman zituen. Infanteriari dagokionean, parekatu samar zeuden bi lurraldeak: 2.000 soldadu inguru zituzten. Artillerian, berriz, ia bost aldiz tresneria gehiago zeukan Nafarroak, Armadari dagokionez, berriz, hiru aldiz gehiago. Eta nagusi zen airean ere: gipuzkoarrek hegazkin zibilak zituzten. Nafarrek, berriz, Italia faxistaren laguntza jaso zuten; Mussolinik hainbat hegazkin bidali zituen.
Horrelako gai interesgarriak ari da jorratzen Islada Ezkutatuak taldea, ostiralero, arratsaldeko zazpietan, Antonio Mercero aretoan. Hilaren 20an Lubakikoak taldeko kide Sergio Balchada gonbidatuko dute. Anarkismoak Gipuzkoaren defentsan izan zuen papera aztertuko du.