Boluntario berriak erakarri, eta esperientzia “ahaztezinak” bizitzera zuzenduta dago Atzegiren aurtengo kanpaina. ‘Atzegi Xperience’ lemapean, kanpainaren aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean, Lasarte-Oriako Okendo plazan.
Urritasuna duten pertsonek, deialdi dibertigarri baten bidez, boluntarioen esperientziak kontatu dituzte, eta deia luzatu dute boluntario izatera animatu dadin jendea.
Bide batez, boluntario lanetan aritzen direnenen konpromiso eta ahaleginak goraipatu dituzte; boluntarioen lana mahai gainean jarri, azpimarratu eta eskerrak eman nahi dizkiegu, izan ere, beraiei esker, adimen urritasuna duten pertsonek bere aisialdiaz gehiago gozatu dezakete, eta gizartean aktiboki parte hartu”. Horrela azaldu dute Buruntzaldeako ordezkariek.
“Esperientzia paregabe eta ahaztezinak”
Atzegin boluntario izanik esperientzia “paregabe eta ahaztezinak” bizi daitezkeela azaldu dute ordezkari eta boluntarioek. Ander Casado boluntario lasarteoriatarrak adierazi moduan, “oso esperientzia ona” izan da berarentzat.
Horrela, arrakasta handia duten esperientzia kaxak eredu hartuta sortu dute aurtengo “Atzegi Xperience” . Boluntarioek esperientzia “ahaztezinak” biziko dituztela adierazi nahi dute. Horretarako kutxa ezberdinak sortu dituzte; Bizipoza, Escapadas, Bienestar eta Bidelagun. Horien bitartez Atzegin boluntario izateko aukera ezberdinen berri izango dute interesatuek.
Jakitera eman dutenez, urriaren 10ean arratsaldeko 18:30ean kanpainaren ekitaldi nagusia egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean.