Hamaika ekintza pertsona adinduen omenez

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 26a, 18:00

Gaur goizean, Biyak Bat elkarteko kideek eta udal ordezkariek Adinekoen omenezko astea aurkeztu dute. Urriaren 1etik 8ra herriko pertsona adinduek egunero ekintzez gozatu ahalko dute.

Jesus Zaballos alkateak, Gizarte Zerbitzuetako arduradun Lourdes Acevedok eta Goyo De Miguel Biyak Bateko zuzendaritzako kideak Adinekoen omenezko aste honetako nondik norakoak azaldu dituzte.

Igande eguerdian, urriak 1ean, herriko Adinduen omenezko asteari hasiera emango zaio bandera igotzearekin. Meza, dantza eta kantu emanaldia eta bazkaria ere izango dira egun horretan. Bazkarian pertsona adinduenei eta 80 urte bete dituztenei oroigarriak banatuko zaizkie. Ostean, dantzaldiaz gozatuko dute.

Baina ez dira hauek ekintza bakarrak izango. Biyak Bateko Goyo de Miguelek gaurko agerraldian astelehenetik urriaren 8ra, hainbat ekintza zerrendatu ditu: lehiaketak, Biyak Bat elkarteko taldeen erakustaldiak, ibilbide neurtua, urrezko ezteiak ospatzen dituzten bikoteen eguna edo elkartearen 30. urteurrena.

Jesus Zaballos alkateak azaldu legez, elkarteak lan handiz antolatutako astea da eta pozik agertu da aurreko urteetako parte hartzea dela eta. Aurten ere horrela izateko, herritarrak gonbidatu ditu asteko ekintzetan parte hartzera.

Bestalde, Lourdes Acevedo gogoan izan ditu Lasarte-Orian arazo fisikoengatik edo dena delakoagatik etxean egon behar duten 140 herritarrak, “aste hau haien omenez ere bada”.

Eta pertsona adinduek duten garrantzia azpimarratu du, “ez genituzke aste honetan bakarrik gogoan izan behar, urteko 365 egunetan baizik”.

Egitaraua

Igandea 1

10: 15ean, Bandera igoera eta aurreskua, Biyak Bat egoitza

11:00etan, Meza, San Pedro parrokian

12:00etan, kalejira Manuel Lekuonara

12:30ean, Biyak Bat abesbatzaren eta Amaia Gonzalez Caballeroren saioa, Manuel Lekuona

14:00etan, bazkaria, Michelingo pilotalekuan

16:00etan, dantzaldia Ruby Berriak taldearen eskutik, Michelingo pilotalekuan

Astelehena 2

16:30ean, Toka, igela eta pote txapelketak, Isla plaza

18:00etan, Bingoa, Biyak Bat egoitza

20:00etan, sari banaketa, Biyak Bat egoitza

Asteartea 3

16:00etan, Gimnasia erakustaldia, kiroldegia

19:00etan, Sun Magoa, Biyak Bat egoitza

Asteazkena 4

18:30ean, Biyak Bat eta Trintxerpeko abesbatzen saioa, Brigitarren komentua

Osteguna 5

17:00etan, Lerroko dantzak, Okendo plaza

19:00etan, Kike Biguriren bakarrizketa, Biyak Bat egoitza

Ostirala 6

11:00etan, Ttipi Ttapa. Ondo Ibili, Okendotik hasita

Ostean, luntxa, Biyak Bat egoitza

17:00etan, dantza txapelketa, Biyak Bat egoitza

Larunbata 7

9:30ean, Ibilaldi neurtua, Okendo plaza

Igandea 8 – Urrezko ezteiak eta elkarteko 30. urteurrena

10:40ean, txistulariekin kalejira, egoitzatik Brigitarren komentua

11:00etan, meza Biyak Bat abesbatzak girotuta, Brigitarren komentua

Ateratzean, luntxa

13:00etan, Opari banaketa, Biyak Bat egoitza

14:30ean, bazkaria, Abend kafe-antzokia

Ostean, dantzaldia