Astelehenean eman zioten hasiera aurtengo ikasturteari Udal euskaltegian, eta guztira, hamar talde osatu dira. Horietatik hiru goizez (09:00etatik 11:30etara) arituko dira, lau talde arratsaldez (15:00etatik 17:30etara), eta beste hiru iluntzean (18:30etatik 21:00etara). Denak ala denak, astelehenetik ostegunera bitartean izango dituzte klaseak, ekainera arte.
87 ikasle arituko dira euskara ikasten Udal euskaltegiko ikasgeletan, eta gainerako sei ikasleek autoikaskuntzan aritzeko hautua egin dute; euren kabuz egingo dute ikasketa. BOGA izena duen metodo bidez ikasi ahal izango dute ikasleek euren kabuz, eta Pili Galan Udal euskaltegiko zuzendariak jakitera eman dutenez, "herritarrengan interesa piztu du, nahiz eta emaitza onak lortzeko autodiziplina handia eskatzen duen". "Oso pozik" agertu da Galan ikasturte hasierarekin, baita Jon Antxordoki Euskara Batzordeko lehendakaria ere.
Maila guztietako taldeak
Maila desberdinetako taldeak osatu ditzute aurtengoan ere. Badira hasierako mailatako taldeak, baita EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) prestatzeko taldeak ere.
Izena emateko aukera irekia
Ikasturtea abiatu den arren, euskara ikasi nahi duen edonork du aukera izena eman eta ikasketei ekiteko. Horrela, euskaltegira bertaratu eta dagokion mailako ikasle taldean hasi ahal izango du. Aukera balego, autoikaskuntzan aritzeko eskaera ere egin ahal izango da.
Kostuaren %85a berreskuratzeko aukera
Udalak indarrean duen beka-sistemari esker, matrikularen %85a berreskuratu ahal izango dute %85eko asistentzia betetzen duten ikasleek.