Gau Zuri koloretsua

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 23a, 14:41

Askorako eman zuen atzoko Gau Zuriak. Dantza emanaldiak, antzerkia, kontzertua...eta Manuel Lekuona kultur etxeko lehen solairuko kafetegia berriz irekitzea. Kulturaren gaua izan zen: Gau Zuri koloretsua.

Gau Zuria izeneko ekimen kulturala antolatu du Lasarte-Oriako Udalak, aurten lehenengoz. Herritarrek ez zuten aukera galdu eta Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioko beheko solairua bete zuten. Hainbat emanaldi kultural ikusi zituzten: Amaia Gonzalez Caballero eta Jose Mari Orbegozoren ikasleen hainbat emanaldi, aipatu bi dantzariak elkarrekin dantzan, 'Ovarios verdes fritos' antzerkia Detritus Teatrus konpainiaren eskutik, eta 'Old Charm Blues' bikotearen doinu atseginak. Emanaldi horiek guztiak bukatu eta gero, Amaia Gonzalez Caballerok dantzan ikasteko saioak antolatu zituen bertaratu ziren herritarrentzat.

Patxi Perez aktoreak egin zituen aurkezle lanak. Umorea ez zen falta izan: azkenaldian famatu egin diren 'Free Tour' bisita gidatu horietako gida bat bailitzan, aterki gorri eta guzti irten zen eszenatokira. 'Gautxori' izeneko balizko ibilgailura igotzera gonbidatu zituen ikusle denak, bidaia kulturalari ekiteko.

Atzoko gauak utzi zuen beste titular bat: hainbat urtez itxita egon ostean, kultur etxeko lehen solairuko kafetegia berpiztu zuten Patricio tabernako lagunek. Edari freskoak eta pintxo goxoak eskaini zituzten. C&V enpresa donostiarreko langile Juanmi Vegas ere hortik ibili zen, aiztoak eskuetan, urdaiazpikoa mozten. 

Argazki galeria