Abiatu da Buruntzaldeako euskaltegietan euskara ikasteko matrikulazio epea

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 6a, 14:57
Ikasturte berria martxan jartzeko puntuan dira Buruntzaldeako euskaltegiak. Horrela, aurtengo matrikulazio epea zabaldu eta eskaintzen berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean, Urnietako Lekaio kultur etxean

Amaitu da udara, iraila heldu da, eta, ikasturte berriari ateak zabaldu berri dizkiogu. Ikastolara eta lantokietara bueltatzeko unea iritsi da, baina baita norbere aisia denbora antolatzekoa ere. 

Horrela, euskara ikasteko tartea hartu nahi duen orok, aukera du gaurtik aurrera izena emateko. Buruntzaldeako euskaltegiek ireki dute matrikulazio epea. Gaur eman dute horren berri Buruntzaldeako euskaltegietako ordezkariek, Urnietako Lekaio kultur etxean.

Herritarrak euskara ikastera animatu nahi izan dituzte. Euskara ikastea, "apustu segurua" eta "merezi duen ahalegina" dela adierazi dute udal ordezkariek; "euskara ikasiz, dena irabazteko eta ezer ez galtzeko". Hori da aurtengoan finkatutako leloetako bat. 

Pasa den ikasturtean, 946 ikasle aritu dira Buruntzaldeako euskaltegietan euskara ikasten, eta kopuru hori zertxobait igotzeko helburuarekin, 'Baietz 1000 aurten!' izan da aukeratutako bigarren leloa. 

Izen emate epeak

Lasarte-Oriako udal euskaltegian, irailaren 15ean amaituko da izen emate epea, eta Hernanikoan, berriz,  irailaren 22an. Gainontzean, AEK-ko euskaltegietan, irailaren 29ra arte izango da izena emateko aukera. 

Euskaltegi berria Urnietan

2017-2018 ikasturterako, Buruntzaldeako sei herrietan izango da euskara ikasteko aukera. Izan ere, orain arte Urnieta zen euskara ikasteko egoitzarik ez zuen udalerri bakarra, baina hemendik aurrera, Errekalde auzoko  euskaltegian arituko dira ikasleak.

Andoainen bestalde, euskaltegia egon bazegoen arren, lekuz aldatu eta helbide berria du orain; Plazaola kaleko 2. zenbakian izango du egoitza berria.

Ikasketa eskaintza zabala

Ikasketa eskaintza zabala dute Buruntzaldeako euskaltegiek, hasierako mailetatik C1 eta C2 arteko ikastaroak, autoikaskuntza, titulu ofizialak, besteak beste. Horrekin batera, A1 eta A2, zein B1 mailako tituluak euskaltegietan bertan eskuratzeko aukera ere izango da.

Euskara ikasteko dirulaguntzak

Buruntzaldeako udalek diru laguntzak emango dizkiete euskara ikasi nahi dutenei. Herriz-herri ezberdinak izango dira horiek, baina batez beste, matrikula kostuaren %75etik %100 era bitarteko laguntzak izango direla jakinarazi dute. 

Informazio gehiago nahi duen orok, www.euskara.buruntzaldea.eus web orrian eskuratu ahal izango du.