No importa que llueva (euria egiteak ez du axola) da Efecto Pasillo taldearen abesti ezagunenetako bat. Gaurko egunerako ezin aproposagoa izan da: herritarrek ez diote jaramonik egin eguraldi txarrari eta azken parranda gauaz gozatu dute. Lau daramatzate gorputzean honezkero, eta, nekea nabaritzen bada ere, atseden hartu ordez kalera irten dira. Bihartik aurrera edukiko dute denbora indarrak hartzeko.
Valecea piroteknia etxe arabarrak ireki du azken gaua. Su-festa harrigarria prestatu eta Atsobakarreko parkean eskaini dute. Suzko ekintza gehiago ere izan dira: hainbat gaztetxo animatu dira aurten azkenekoz zezensuzkoaren aurrean jarri eta lasterka egitera.
Kontzertu gaua
Sua, eta musika. Hori izaten ari da gaurko bigarren protagonista nagusia. Efecto Pasillo talde kanariarrak jendetza elkartu du Okendo plazan, eta erakutsi dute zergatik diren horren ospetsuak, kontzertu fresko eta dinamikoa emanez. Bien bitartean, hainbat lasarteoriatarrek jarri dituzte gorputzak dantzan Ibai Berriak taldearen doinuei segika.
Sorgin Jaietako kideek ere antolatu dituzte hainbat emanaldi gaurko. Rukula taldearekin nekatu arte egin dute dantza gazteek, txosna ondoan. Hori eta gero, erromeria giroak hartu du plaza, eta DJak zerua argitu arte luzatu du festa. Elektrotxaranga ere ibili da kalez kale.