Semblante Andaluz elkartea da aurtengo jaietako omendua, eta bertako bereizgarriak diren Chrigotekin gozatu dute Manuel Lekuona kultur etxera gerturatutako herritarrek. Sevillako "Esta chirigota cae bien" eta San Jose de la Rinconadako "No te vayas todavía" chirigota taldeak arduratu dira algarak sortzeaz.
Gaztetxoek ere ederki pasa dute ostiraleko arratsaldean. Isla plazan xexenak saihesten aritu ostean, Jaizkibel plazara joan dira Sasoeta Sasoian elkarteak antolatutako ekintzekin gozatzera. Tarteka euria egin du, eta txokolate goxoa banatu diete, indarberritu daitezen. Ondoren, dantzan aritu dira plazako 'Minidiskoan'.
Sanpedroetako azken txanpari ekiteko gogoz daudela erakutsi dute herriko gazteek bertso poteoan. Tabernaz taberna aritu dira trikitixaren eta panderoaren laguntzaz. Horren ostean, Okendo plazan bildu dira herritar mordoa, eta espetxeetan dauden senide eta herritarrak gogoan, manifestazioa egin dute herriko kaleetan barrena.
Parranda egin aurretik indarrak ondo hartzea komeni da, eta tripa ondo bete dute Elizatzen egindako herri afarian. Arratsaldeko euriaren ondorioz, zenbait ekintza bertan behera geratu dira eta beste batzuk lekuz aldatu behar izan dituzte. Dena den, eguraldiak ez du inor kikildu eta herritarrek Gaupasa eguna baldintza ezinhobetan hasiko dute.