Oroitzapen txarrak San Joan sutan errez ekin diote udarari lasarteoriatarrek. Garrek Andatza plaza argitu dute aurten ere. Eta, bide batez, San Pedro jaien aurreko egunen giroa are gehiago berotu.
Erketz EDT taldeko dantzariak eta udal korporazioa udaletxe zaharretik abiatu dira plazara. Iritsi direnerako hainbat herritar zeuden sua noiz piztuko zain. Hori baino lehen, ordea, hainbat minutuz aritu dira dantzan, Alboka abesbatzaren eta Zero Sette akordeoi taldearen erritmora. Erketzeko kide Ruben Arranzek birritan dantzatu du agurra: udaleko zinegotziei aurrena, eta zendu berri den Xabier Gonzalez Ubegunen familiari gero. Une hunkigarriak izan dira. Xabiren alargunak eta alabak emozio handiz jaso dute oroigarria: txapela.
Oroitzapen txarrak, sutara
Jesus Zaballos alkateak piztu du sua, 22:00ak inguruan. Handik segundo gutxira hasi dira garretara arrimatzen haur, gazte eta helduak, urteko gauza txarrak garretara bota eta zama hori gainetik kentzeko.
Iritsi da uda Lasarte-Oriara. Eta iristear dira San Pedro jaiak. Bero-bero dago giroa honezkero.