Askotan betetzen da honako paradoxa: hilabeteak eta hilabeteak pasa guztia prestatzen, ekintzak pentsatzen, artistak lotzen, diru-kontuak egiten...ospakizun asteburu handia espero eta nahi baino askoz azkarrago, ia konturatu gabe, igarotzeko. Ostiral arratsaldean asteburu luzea zeukaten aurretik Semblante Andaluz elkarteko lagunek, baina ohartzerako, igande gaua da eta Michelingo tenis pistetara eramandako material guztia jasotzen ari dira. Azkar pasa dira minutu eta orduak, baina horietan bizitakoak luzaroan gogoratuko dituzte parte hartu duten guztiek: zilarrezko ezteiei buruzko urrezko oroitzapenak.
Gaurkoa izan da egun handia, zalantza izpirik gabe. Zentzu guztietan: gaur elkartu da jende gehien Michelinen, gaurkoak izan dira ekintza ikusgarrienak seguru asko, eta gaur bizitu dituzte elkarteko kide eta herritarrek emozio gehien, goizetik hasita. Familia argazki erraldoia ateratzeko elkartu dira Semblanteko bazkideak. Nekez kabitzen ziren guztiak enkoadraketan. Ondoren, asteburu osoko une hunkigarrienetako bat iritsi da: elkarteko zuzendaritzako kideek Jose Perez lehendakaria omendu dute, eta gitarra bat oparitu. Perezek emozioz gainezka eta pozarren jaso du oroigarria.
Horren ostean, danbor hotsak gailendu dira Michelinen. ATLO danborrada elkarteko kideek ikuskizun bikaina eskaini dute; jendetza hurbildu da haiek ikustera. Danborrak eta gero, dantza flamenkoak izan dira protagonista, herriko talde Zambrako dantzari trebeen eskutik. Koreografia ederrak taularatu dituzte, baten batean kriskitin eta guzti. Bazkaldu aurretik, SuBerri akordeoi taldeak ere bere errepertorioko pieza onenak jo ditu. Andaluziar ereserkia abestu eta agintariei agurra egin ostean, bazkaltzera eseri dira laurehun pertsona inguru. Aukeran, bi menu: babarrun beltzak eta txahal-masailak saltsan, edo arrain zopa eta koskera erara egindako legatza. Batek baino gehiagok ez du aukera galdu eskatutako menutik kanpo zeuden jakiak ere probatzeko. Ez da harritzekoa, oso goxoa baitzegoen guztia.
Arratsaldean, Zambrako kideak berriro igo dira oholtzara, eta txalo zaparrada ugari jaso dituzte euren lan bikainagatik. Ondoren, asteburuko ikuskizun azpimarragarrienetako baten txanda izan da: Sevillatik etorritako 'Los amigos de Gines' taldea igo da oholtzara, eta emanaldi ikusgarria eskaini du. Eguna modu ezin hobean bukatzeko, dantzaldi herrikoian mugitu dituzte gorputzak hainbat herritarrek.
Asteburuko une onenak
Zaila da paragrafo gutxi batzuetan ospakizun-asteburu oparoa laburtzea, momentu gogoangarri ugari egon direlako. Adibidez, Arrasatetik etorritako 'Alegria de la Sierra' taldeak atzo jasotako aitortza. Semblante Andaluz jaio zenetik, urtero-urtero parte hartu dute elkartearen urtebetetze-ospakizunetan. Amaia Gonzalez Caballero dantzariaren ikasleen emanaldiak ere ikustekoak izan ziren; atzo omendu zuten dantzaria udaletxean. Horrez gain, Valentziatik etorritako 'Raices del Sur' taldeak ere oso aho zapore ona utzi zuen. Ostiralean eta larunbatean eskaini zituzten emanaldiak.
Hainbat tokitatik etorritako elkarteek hartu dute parte asteburuan zehar: Andoaingo Zuena elkartea, Durangoko Andaluziar Zentroa edota Barakaldoko Elkartea etorri dira. Gure herrian diharduten eragile kultural ugarik ere bai, jakina: Xumela, Erketz, Zero Sette, SuBerri, Oaintxe in deu, Amigos del Sur, ATLO danborrada, Zambra eta Semblante Andaluz bertako dantza talde eta koruak.
25 urte bizitzan behin betetzen dira, eta behin ospatu, baina beti gogoratzeko. Asteburua bukatu berritan, nekatuta egongo dira Semblante Andaluzeko kideak, baina herritarren erantzuna ikusita, gutxienez beste 25 urtez lanean aritzeko indarrak ere hartu dituzte. Denborak esango du antzeko kronika bat irakurri ahalko ote dugun hemendik mende laurden barru. Hori bai, 2032. urtean norbaitek atzera begiratua egin nahi eta jakin-mina baldin badauka, lerrook irakurri ditzake, Semblantek zilarrezko ezteiak ospatu zitueneko hura. Iritsi dira horraino behintzat. Ez da gutxi.
Asteburuko argazki galeria eta bideoteka