3. bertso desafioa ere herrikoentzat

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 17a, 12:09
Ostiral iluntzean eskaintza zabala izan zuten herritarrek, musika, antzerkia eta bertsoak. Jalgin hirugarren bertso desafioa jokatu zuten herriko Earra bertso eskolako kideek Andoaingo bertso eskolakoen aurka. Aurrekoetan bezala, bertaratutakoek egin behar izan zuten epaimahai lana eta 21-19ko emaitzarekin herrikoentzat izan zen hirugarren garaipena. Azken bertso desafioa otsailaren 6an izango da Azpeiti Errezil eta Azkoitiko Erniarraitz Bertso eskolakoen aurka.

Gogotsu etorri ziren Andoaindarrak herriko bertso eskolako kideekin indarrak neurtzera. Hala ere, eta soilik hiru bozkaren aldearekin, herrikoek hirugarren garaipena eskuratu zuten bart Jalgin egindako bertso desafioan.

Earra! Bertso eskolako kideen artean aldaketak izan ziren, Asier Azpirozen ordez, Ane Labaka aritu zen bertsotan Amaia Agirre eta Beñat Iguaranekin batera eta gai jartzaile lanak Intza Alkainek egin zituen.

Kartelean izandako aldaketa hau ederki baliatu zuten ere Andoaingo bertsolariek agurrean herrikoekin sartzeko.

Andoaingo bertso eskolatik fin aritu ziren Jon Eskudero, Aritz Eskudero eta Ion Beloki. Aurkezpen bertsoarekin argi geratu zitzaien bertaratutakoei Andoaingoak irabazteko gogoz etorri zirela herrira, tartean Unai Muñoa gogoan izan zuten ea Palestina aldean dabilen galdezka edota Ane Labakaren aita. Saiatu ziren herriko taldea zirikatzen osatzen duten kideen jaioterriak zeintzuk diren azpimarratuz.

Saio osoan zehar, ia bi ordukoa, umorea izan zen nagusi eta bertsoen mailaz haratago, jendearen irribarrea behin eta berriz eragin zituzten bi taldeek.

Andoaindik ikusleak etorri ziren arren, ezin izan zuten amaierako bozketan ezer egin.

Aurreko bi saioetan, Tolosa eta Hernaniko bertsolariekin gertatu bezala, herriko taldeak eskuratu zituen boto gehien 21 eta atzetik geratu zen Andoaingoa 19rekin. Alde txikiak islatu zuen ikusitako saioan indarrak oso berdinduak egon zirela.

Azken saioa

Bertso desafio sorta abiatu zuen Earra! bertso eskolak azaroan herriko bertso-eskola “indartu” eta bertsolari gazteei “bestelako plaza batean” bertsotan egiteko aukera emateko helburuarekin. Saio arinak izango zirela aurreratzen zuten orduan, umoretsuak eta publiko guztiei zuzendutakoak. Hala izan dira orain artekoak eta laugarrena eta momentuz azkena, otsailaren 6koa ere halakoa izango dela aurreratzen dute.

Hitzordua Jalgin izango dute bertsozaleek 22:30ean eta kasu honetan, Azpeiti Errezil eta Azkoitiko Erniarraitz Bertso eskolakoak izango dira herrikoekin lehian.

Saioa irekia eta doan izango da orain arte bezala eta ikusi beharko da ea herriko taldeak lautik lau irabazteko gai den.

Antolatzaileek azken honetara ere gerturatzeko deia egiten diete herritarrei.