Ibilgailuaren homologazioan dago gakoa. Talex M4 ibilgailua berria da eta Espainiako Federazioak antolatutako probetan izena ematea amaitzen denean homologatzeke dauden ibilgailuek proban parte hartu dezakete, baina emaitza ez da lasterketako sailkapenean islatuko eta puntuak ez dira sailkapen orokorrera gehituko. Mansok eta bere taldeak horren jakitun parte hartu zuten proban.
Adrian Artiello asturiarrarerekin lehia estua izan zuen bi jardunaldietan herritarrak. Lasterketak amaitzean, Artiellok kategoriako garaipena eta horrekin batera, Espainiako txapelketa eskuratu zuen.
Lehen egunean, bi igoera egin zituzten ibilgailuek; lehenean Manso izan zen garaile (02.20,661) eta bigarrenean, aldiz, asturiarra (02.20,358). Azken jardunaldian, bi lasterketetan izan zen aurretik lasarteoriatarra (02.18,780 eta 02.18,752).
Gauzak horrela podiumera igo ezin arren, pozarren da herriko gidaria lehiaketako jardunarekin: "Asteburua oso ondo joan zen. Lehenengo aldia da Espainiako mailan denborarik onean egiten dudana eta pozarren gaude. Larunbatean Artiellok lortu zuen igorarik onena, baina igandean gogotsu atera ginen eta bi lasterketetan gailendu ginen. Horrela jarraitzen saiatu behar gara".
Alacanteko probak Espainiako txapelketari amaiera eman arren, oraindik hiru lasterketetan parte hartuko du herritarrak hurrengo asteetan; ibilgailu berriara moldatu eta kilometroak egiteko baliagarriak izango dira horiek. Hilaren 17an, Euskadiko txapelketako azken proba den Urrakiko igoeran parte hartuko du Mansok; egun sailkapeneko buru da herritarra eta aurten ere txapela jantzi dezake. Madrilgo lehiaketan, aldiz, bi hitzordu izango ditu bata, hilaren 24an eta 25ean, eta bestea, azaroaren 14an.
Ezin amaitu
Eta lur eremuan ere izan zen herritarrik lehian. hilaren 26an, RACVN Kopako proba jokatu zen Lagunarrotan (Huesca, Aragoi), Lur eremuko lehen edizioa. 47 ibilgailu izan ziren irteera puntuan, horien artean, Mikel Kortajarena herritarraren Ford Focus 1.6a; Aimar Altuna izan zuen laguntzaile.
Parte hartzaileek 15 kilometroko eremua hiru alditan igaro behar izan zuten. Lehen eremuan ederki jardun zen herritarra eta 12.59,3 marka egin zuen. Bigarren eremuan, aldiz, istripua izan eta ezin izan zuten lasterketan jarraitu.