Aitor Mansok, 9. kategoriako garaikurra eta sailkapen orokorrean puntuak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 16a

Aitor Manso, 9. kategoriako garaikurra jasotzen. Arg.: Talex Motor Sport.

Euskadiko Mendi Igoeren denboraldiko bigarren proba lehiatu zen hilaren 11n, Araban. Opakuako igoeran 55 bat ibilgailu batu ziren eta Aitor Manso herritarra bertan izan zen Talex M3 ibilgailuarekin. Aurkari gogorrak izan zituen, hala nola, Aitor Zabaleta bizkaitarraren Lola BMWa eta arazo teknikoei ere aurre egin behar izan zien gidari gazteak. Hala ere, 9. mailako garaikurra eskuratu zuen

Entrenamendu saioak ongi joan ziren eta martxa hartzen joan zen Lasarte-Oriako gidaria. Lehen saioan 02.40,023 egin zuen eta ofizialean denbora ondu zuen, 02.31,181. "Markak ikusita irabazteko aukerak genituela uste genuen", adierazi du gidariak. 

Baina beroketa saioak amaitzean arazo teknikoak zeudela konturatu ziren: "Abiadura kaxan hautagailu bat izorratu zen eta lehen, bigarren eta hirugarren martxak bakarrik sartu ahal genituen". 

Ondorioz, puntuak eskuratzeko lehiatu zen Manso: "Denboraldia luzea da eta lehiaketa orokorrerako puntuak eskuratzea, ezer puntuatzea baino hobea da".

Gauzak horrela, bere kategoriako irabazle izatea lortu zuen, baita sailkapen orokorreko laugarren postua ere.

Euskadiko txapelketak maiatzaren 9an izango du hurrengo hitzordua Gorlan (Bizkaia), baina bien bitartean Madrilgo txapelketako proba izango du Lasarte-Oriako gidariak hilaren 25ean eta 26an.