Abentura baino askoz gehiago

Maitane Aldanondo 2022ko ira. 16a, 12:28

EuskarAbentura espedizio ibiltariak zazpi euskal herrialdetako eta diasporako 128 gazte eraman ditu Euskal Herriko alde batetik bestera uztailean. Euskara, euskal ondarea eta gazteen saretzea oinarri dituen egitasmoan Goiatz Aiestaran eta Maitane Eizmendi lasarteoriatarrak izan dira. 

Ehunka kilometro oinetan, hamaika oroitzapen bizkar zorroan, eta dozenaka lagun berri eginda bueltatu ziren abuztuan Lasarte-Oriara Goiatz Aiestaran (Lasarte-Oria, 2006) eta Maitane Eizmendi (Lasarte-Oria, 2005), Euskal Herrian barrena uztail osoa ibili ondoren. Aurtengo EuskarAbentura egitasmoan parte hartu dute bi herritarrek, oinez Zuberotik Bizkaira bidea eginez, eta bertan bizitakoaren berri eman diote TXINTXARRI-ri.

EuskarAbentura Ruta Quetzal espedizioen "euskal aldaera bat" da, bertan parte hartu zuten hamar gazteren ekimenez sortua. Izen bereko irabazi asmorik gabeko elkarte euskaltzaleak aurrera darama eta 2018ko uztailean egin zuten lehenengoz. Oinarri nagusiak, gazteak saretzea eta euskararen erabilera sustatzea dira, eta aurten, 2005 eta 2006 urteetan jaiotako gazteek izan dute parte hartzeko abagunea. Kamiseta laranja soinean, zazpi herrialdetako eta diasporako 128 gaztek osatu dituzte 738 kilometroak, nahiz eta gehiago izan ziren Mauletik abiatu zirenak. Pausoz pauso Getxora iritsi ziren hilabeteko epean, baina bidean ibili baino askoz gehiago egin zuten.

Bizipena, helburu

Jzioquitar –espedizioko kideen izena– bilakatu ahal izateko hautaketa prozesu bat gainditu behar dute gazteek. Horretarako, norberaren aurkezpen bideo labur batez gain, proposatutako hiru gaietako bati buruzko proiektu bat egin behar dute aukeran dituzten moldeetako batean: historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, plastikoa, musikala edo sormen digitala. Aiestaranek moda azkarrari buruz idatzi zuen, prosa eta bertsotan; Eizmendik, aldiz, Zer ginen, zer gara eta zer izango gara gaiari helduta egungo gizarteari buruzko bideo dokumentala egin zuen. "Elkarrizketatu nituen adin desberdineko emakumeak: bost urteko lehengusina, kuadrillako hiru, aitaren kuadrillako neska bat eta amona, eta egin nizkien gizartearen inguruko galderak eta gero bildu gaika feminismoa, musika, hezkuntza…".

Mauletik Getxora 738 kilometro egin dituzte Euskal Herrian barrena, gehienak, oinez

Lehenak lagun baten sare sozialetan ezagutu zuen EuskarAbentura, aurreko batean parte hartu baitzuen. "Kuxkuxean" aritu zen eta zaila izango zela pentsatu arren, saiatu egin zen.  Bigarrenari, aldiz, aitak hitz egin zion egitasmoaz eta "esperientzia polita" izan zitekeela iruditu zitzaion. Izena eman zutenean, batak ez zekien besteak ere egin zuenik, eta biak aukeratuak izateak lasaitu zituen, lehen unean inor ez ezagutzeak kezkatzen baitzituen.

Dozenaka kilometro egin beharrari, berriz, ez zioten buelta gehiegi eman. Hala ere, gai izango zirela uste zuten galdetzean, ezezko biribila izan da erantzuna; are gutxiago, San Pedro Jaien erdian abiatu zirela kontuan izanda. Gainerako partaideak oso mendizaleak izateak kezkatzen bazituen ere, prestaketarik apenas egin zuten: Eizmendi pare bat aldiz irten zen ibiltzera eta Aiestaranek Zubietara buelta egin zuen behin. Agian entrenamendu aproposena izan ez bazen ere, helburua betetzeko balio izan die. Hori bai, Eizmendik argi utzi nahi du ez dela mendi buelta bat. "Ibili, iritsi, motxila hustu... ez zeneukan atseden hartzeko denborarik. Hori egunero. Batzuetan nekagarria zen".

Ondare material eta immateriala

Abiapuntura iristean, hamar kideko erreferentziazko taldeetan banatu zituzten eta kamiseta urdina jantzita beraiekin batera doazen sherpa bat –begiralea– ezarri. Elkarrekin egin dituzte otorduak eta garbiketa lanak. Etapetarako, erritmoaren araberako hiru multzo osatu zituzten: Erbiak, azkarrenak, Katagorriak, erdikoak, eta Trikuak, mantsoenak. Ohiko egun batean, 07:00etan jaiki, jaso, gosari eta bazkarirako zituztenak hartu, eta 08:00etan abiatzen ziren Trikuak; eta ondoren, elkarren artean 20 minutuko tartea utzita, beste bi taldeak. Ibilbide erdiko kontrol puntuan 20 minutuko atsedenaldia zuten, alegia, hurrengo taldea heltzean, berriz ekiten zioten bideari. Batzuetan, zati bat autobusean egin dute eta uneoro furgoneta bat izan dute bidaide.

Hamaika txoko ezagutzeaz gain, euskararen egoerari ere erreparatu diote

Dena ez da ibiltzea izan, ordea, Olatu urdin-laranja helmugara iristen zenean, ondorengoa egunaren araberakoa izan zen: siesta, denbora librea, hitzaldiak, bisitak... Batetik, Euskal Herriko ondarea ezagutu dute: Gernikako arbola, Zumaiako flysch-a, Amaiurreko gaztelua... Bestetik, paisaia linguistikoari erreparatu diote herrialde bakoitzean. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian egon zirenean, aurreko urteetako partaideen bisita izan zuten eta, besteak beste, euskararen bertako egoera azaldu zieten. Gipuzkoan, berriz, Kike Amonarriz izan zuten solaskidea. Soziolinguista eta umoregilearena ez zen bisita berezi bakarra izan. Orreagan Asisko Urmenetarekin izan ziren, Xabier Solano edota Tatxers artistak ere ezagutu zituzten. Horrez gain, tokian toki zegoenaz gozatzeko aukera ere izan dute. Esaterako, Hondarribian Urtanta jaialdia, eta Iruñean, sanferminak. "Bazkaria eman ziguten eta gero, erromeria egin genuen. Jendetza ginen, gu eta hangoak".

Mugaren sakonera

Euskal Herriko hainbat txokotako gazteak izanik, elkar ulertzeko arazoren bat edo beste izan dute. Aurreikusita ere, Ipar Euskal Herrikoekin aldea horren handia izatea ez zuten espero, nahiz eta saiatu, kosta egiten zitzaien elkar ulertzea. Eizmendirekin zihoan mugaz beste aldeko gazteetako batek, taldez aldatzea eskatu zuen ezin zuelako elkarrizketetan parte hartu, "ez zen disfrutatzen ari". Denek ahalegin berezia egin zuten bereizketarik egon ez zedin, eta hein batean lortu zuten seinale, azken gauean elkarrekin egin baitzuten haientzat oso ohikoa den Libertimendua –antzerkia, dantza eta bertsoa batzen dituen ikuskizun modukoa–.

"Ez da inondik ere imajinatzen duzuna. Askoz sakonagoa da. Pasada bat da"

Hala ere, hori ez da hizkuntzak eragindako zailtasun bakarra izan. Beste euskalki batzuetara ohitzeak ere eman diete lana, hala, Lekeitio eta Nafarroako kideekin izan dituzte gorabeherak. "Baguzi", "gibelera"," aitzinera", "gerizpea", urari "utsa" esanda, botilan urik baden edo hutsa dagoen ulertzeko ezintasuna...

Hiztegia gorabehera, bi lasarteoriatarrak konturatu egin dira denek ez dituztela euskaraz bizitzeko erraztasun berak. Eizmendiren hitzetan, "gu nahiko giro euskaldunean bizi gara hemen, ez nuen aldaketarik sumatu; baina ikusi genuen jende pila bat ari zela benetan esfortzu bat egiten". Euskaraz egin nahi, baina norekin ez dutenetako batzuek elkarrizketak elebitan egiteak asko harritu zuen. "Ni ez naiz gai, nahiz eta beste pertsona ados egon. Kosta egiten zait ni euskaraz eta bera erdaraz aritzea". EuskarAbenturan parte hartu eta euskaraz aritzeko ahalegina egiten dutenen artean Haroko (Errioxa) bi gazteak gogora ekarri ditu Aiestaranek. "Haietako baten lagunek ez dakite euskaraz, beraz, ez zuen inoiz egiten eta oso zaila zitzaion euskaraz lagunak egitea. Gustatu egin zitzaidan bakoitzak bere aldetik jartzea".

Askotariko irakaspena

Hilabete eta erdi pasatu da Getxoko antzokian diploma jaso, taldeko argazkiz betetako liburuxka hartu, eta etxera bueltatu zirenetik. Hamaika txoko ezagutu eta lagun berriak egin dituzte, baita lurraldeari eta euskarari dagokionean gauza asko ikasi ere. Bizipen horretatik, ordea, bestelako irakaspenak ere atera dituzte. Adibidez, beharrezkoa zer den eta dutena gehiago balioesten. Mahaiaren bueltan jan edo ohean lo egitea arraroa egin zitzaien bueltatzean. "Egunerokoan, berez, ez ditugu horrenbeste gauza behar. Zakua, esterila, lau kamiseta eta platerak, ez genuen gehiago behar. Etapa amaitu eta iristen ginenean, lurrera botatzen ginen, berdin zitzaigun garbi edo zikin zegoen, lokatza edo lurra zen. Tolosan bazkal ondoren plater zikinen ondoan lo gelditu ginen plaza batean", azaldu du Eizmendik.

Abentura hasi aurretik horrenbeste ezezagunekin elkarbizitzak kezkatzen zituen, baina berehala uxatu zituzten beldurrak. Oso onartuak sentitu ziren lehen unetik, denek zuten elkarrekin hitz egin eta harremantzeko nahia. "Konturatu naiz lagunak egiteko erraztasuna handitu zaidala. Hilabete pasa dut beraiekin, kristoren harremana egin dugu eta lagun pila egin ditut...", onartu du Aiestaranek.

Aurretik zituzten kilometro pilak noizbait kezkatu bazituen, denak urratu dituzte, eta ez oinez bakarrik, Aiestaranek adierazi duenez. "Ibiltzen zoazela kilometroak askoz errazago egiten dira jendearekin zoazelako. Hizketan, abesten kilometro pila, dantzan... Kristoren giroa". Emaitza horren ona izanda, parte hartzera animatu dituzte gazteak. "Ez da inondik ere imajinatzen duzuna. Askoz sakonagoa da. Pasada bat da, merezi du", laburbildu dute.