Garaien eraldaketan barrena irudi bidaia

Maitane Aldanondo 2022ko uzt. 22a, 13:54
FOT_MREALDEFENSA_0101

Jose Brunet Bermingham enpresariak duela 150 urte egindako irudiekin osatutako Aurrera eginez argazki bilduma ikusgai dago Koldo Mitxelena Kulturunean. XIX. mende bukaeran Donostiaren transformazio sakonaren lekuko eta eragile izateaz gain, lehen industrializazioak bereziki emakumeengan izandako eragina ere jaso zuen.

Brunet familiak zeresan handia izan zuen XIX mendearen bigarren erditik aurrera Gipuzkoan aurrera eramandako industrializazioan, baita, bereziki, harresiak eraitsi ondoren eraikitako Donostian ere. Neurri batean edo bestean eraginez bere aletxoa ekartzeaz gain, Jose Brunet Bermingham (Donostia, 1836-1891) eraldaketa horien lekuko ere izan zen eta zaletasuna zuen argazkilaritzaren bidez jaso zituen. Irudi horietako batzuekin osatu dute Lola Horcajo eta Juan Jose Fernandez Beobide historialariek Aurrera eginez erakusketa, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa aretoan irailaren 3a arte ikusgai dagoena.

"Argazki hauek erakusten diren lehen aldia da. Jose Bruneten Flora alabaren bilobak 1976an jaso zituen kristalezko negatiboak eta maiatzaren 13a arte ez dira ikusi. Kalitate oso oneko irudiak dira", azaldu du Horcajok horma luzeetan zintzilik dauden zuri- beltzezkoei keinu eginez. Enpresari eta zinegotziak 1865 eta 1891 urteen artean ateratakoek argazkilari ez profesional baten Donostiari buruzko bilduma pribatu garrantzitsuena osatzen dute. Mila beirazko plaka eta paperezko argazki baino gehiago utzi zituen, eta Ubaldo semeak kopuru hori zabaldu zuen 1930eko hamarkada bukaera arte egindakoekin. Ondare horren jabe da Joaquin Mencos Doussinague, Brunet Berminghamen birloba eta Real Defensa markesa. Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordeta dago eta historialariek duela sei urte izan zuten negatiboen berri.

Eraldaketa garaia

Bi zatitan banatu dute edukia. Batetik, egungo Donostiaren oinarriak jarri zituen eraldaketa urbanistikoaren bilakaera dago, batzuetan aurrean zein kale edo eraikin dagoen lehen begi kolpean atzematea zaila bada ere. Artzain Ona, Aldundiko Jauregia, egungo udaletxea den kasinoa... nola altxa zituzten ikus daiteke. Garai horretan berrikuntza handiak barneratu zituzten, biztanleen eguneroko bizimodua hobetu zutenak, esaterako, gasa, ur korrontea, tranbia edo argindarra. Halaber, lantegiek, merkataritzak eta turismoak lanpostu berriak sortu zituzten eta aukera eman zieten emakumeei ere. Azken hauek dira irudi sortaren beste zatiaren protagonistak.

Industrializazioarekin batera galdu egin ziren ohiko ogibide zituztenetako batzuk –irule, urketari edo latsari– eta martxan jartzen hasiak ziren lantegietan topatu zuten beraien tokia. Orian 1848an zabaldutako Fábrica de Hilados y Tejidos lantegiaren irudi eta aipamenak ez dira falta, ezta Brunet eta hura bezalako beste sendi burges batzuen bizimoduaren isla direnak ere.

Brunet familia Gipuzkoako industrializazio prozesuaren aintzindari izan zen 

Brunet merkatari familia XVIII. mende bukaeran ezarri zen Donostian, jatorri zuten Conpos (Bartzelona) utzita. Itsasoz bestaldera burdina esportatu, eta kakaoa zein azukrea inportatzen zituzten. Salerosketan aritzeaz gain, Brunet bankua sortu zuten. Okupazio napolenikoaren garaian Lekeitiora joan ziren, 1813ko suteak hiria suntsitu ondoren bueltatu, eta berreraikitzearen alde lan handia egin zuten. Brunetdarrak alkate edo errejidore izan ziren, pentsamendu liberala bultzatu zuten.

Horrez gain, Gipuzkoako industrializazio prozesuaren aitzindariak izan ziren: Oriako irun eta ehun fabrika zabaldu eta Espainiako lehen gasometroa jarri zuten bertan, paper jarraituaren lehen fabrika, La Esperanza, abiarazi zuten Tolosan, Gipuzkoako lehen galdategi modernoetan parte hartu zuten, hala nola, Fossy y Cía-rena Lasarten, eta Beasaingo Hierros San Martin fabrikaren modernizazioan (CAFen jatorria) aritu ziren.

Hariak eta ehunak

Euskal Herriko lehen industria modernoetako bat izan zen Oriakoa. 1848an altxa zuten fabrika Oria Aundi eta Oria Chiqui baserrien orubeetan eta haien ingurukoetan, artean Urnietako lurrak zirenak. Lantegiaren arduraduna Ramon Brunet Prat izan zen, Jose Manuel anaiarekin batera hemen jaiotako lehen belaunaldiko kidea. Elkarrekin negozioetan aritu ziren, baina zereginak partekatu zituzten. Nahiz eta Ramon Donostiako Tranbia Konpainiaren lehendakaria ere bazen, ehun fabrikari eskaini zion bere bizitza profesionala. Han bertan, Brunet jauregi etxean bizi izan zen 1891n hil zen arte. Bi pisuko eraikinak upategia, lorategia, biribilgunea, ur jolasak zituen urmaela, tenis pista eta ibai ertzean pasealekua zituen. Lorategian zuen antilopearen irudiak fabrikaren ikurra gogorarazten zuen.

Fabrikaz gain, sei etxebizitza bloke eraiki zituzten langileentzat, 150 familiarentzat lekua zuten. Ekonomatua, harategia, taberna, bizartegi-ileapaindegia, eliza eta haurrentzako eskola zituen. “Langile kopuru oso altua zen garaian herriguneak zuen biztanle kopuruarentzat”, zehaztu du Horcajok. Martxan jarri zutenean Lasarte-Oriako biztanleak ez ziren 1.000ra iristen.

80.000 metro koadro zituen guneak eta bertan ekoizten ziren kontsumorako ehun produktuak: hariak, telak, kotoi zuri eta tindatuko ehun arruntak, alkandora, traje eta ezein arropetarako ehunak, eta alpargatetarako zirenak. Urtean 350 bat tona ekoizten zituzten, erdia inguruan saltzen zuten eta gainerakoa lurralde mugakideetan eta Katalunian. Fabrikak lan egiteko indarra Oria ibaitik ateratzen zuten, presa baten eta ur salto baten bidez.

Pentsamolde aldaketa

Lantegietako eskulan premia handiak haietan aritzeko aukera eman zien emakumeei eta horrek aldaketa handia ekarri zien beraiei, familiei eta garaiko usteei. Fabrika lanek, ordea, errezeloa eta mesfidantza eragiten zuten eta baserrikoa gogorragoa bazen ere, neska gazteek nahiago zuten. Soldata handiagoak izan ziren manufakturetara salto egiteko pizgarri, nahiz eta aldi batekotzat jotzen zuten, ezkondu ondoren normalean etxetik kanpo lan egiteari uzten baitzioten.

12 bat urte zituztela hasi ohi ziren lanean eta familiek zalantzak gaindi zitzaten, Horcajoren esanetan, "patroiak aitaren papera jokatzen zuen". Frederic Le Playk 1860an idatzitako Campesinos y pescadores del norte de España txostenean lehen fabriketako bizimodua jaso zuen, tartean, Oriakoa. Erakusketan irakur daitekeen zatian, giroa "barnetegi baten bera" dela dio eta ohiko egun bat deskribatzen du.

Garaian emakumeen etorkizuna etxe barruko familia inguruan zegoela uste zuten; familietatik aldenduta, langileen arteko elkarbizitzak eta soldata fijo batek emandako autonomia ekonomikoak, ordea, pentsamoldea aldarazi zuen, mantso baina geldiezin.

Manufaktura zereginetarako emakumeak egokiagotzat zituzten, baina, hala ere, beraien soldata txikiagoa zen eta arduradunak gizonak ziren. Bereizita lan egiten zuten, solairu osoetan emakumeak bakarrik zeuden, eta Orian gehiengo ziren. Antxon Agirre Sorondo historialariak bildutako datuen arabera, 1894an 400 langilek lan egiten zuten zuzenean edo zeharka lantegian, haietako 271 (%67,75) emakumeak ziren; 1924an, 308tik 190 (%61,69); eta 1947an, 400etik 270 (%67,50).