"Asmo handiko proiektu bat da eta herritarrentzat onuragarria"

Maitane Aldanondo 2022ko ots. 18a, 11:04

NURIA FERNANDEZ BETERRI-BURUNTZA MANKOMUNITATEKO LEHENDAKARIORDEA

Lasarte-Oriako Udaleko Sozioekonomia arloaren buru izateaz gain, aurrerantzean gai horiek jorratuko ditu abian jarri berri duten Beterri-Buruntza Mankomunitatean ere. Gogotsu hartu du kargua, hautaketaz harro.

Urtetako lanaren ondoren, errealitate bihurtu da eskualdeko erakundea. Haren eraketa prozesuan buru belarri ibili da Nuria Fernandez (Santander, 1977) eta orain martxan jartzeko zereginetan dihardu. Mankomunitateak herriari, eskualdeari eta bertako biztanleei ekar diezaiokeenaz Txintxarrik prestatutako galderak idatziz erantzun ditu, azken asteetan konfinatuta egon baita. 

Eskualdean lan mankomunatua ez da berria. Zergatik behar zen halako erakunde bat?

Hura osatzen dugun sei udalerrien promozioa eta garapen sozioekonomikoa hobetzeko eta sustatzeko, eta eskualdeko herritarren ongizatea hobetzen laguntzeko. Gainera, eremu altuagoko erakundeen enpleguari buruzko programetan parte hartu eta haietara sarbide izateko ere beharrezkoa da antolatzea. 

Mankomunitate gabeko Gipuzkoako eskualde bakarra zen. Sei udalerriak behar horretaz jabetuta al zineten? 

Bai. 2017tik elkarlanean aritu gara oso kontziente ginelako eta garelako gure udalerrien erronka sozioekonomikoei elkarrekin aurre egiteak duen garrantziaz.

Zein izan da prozesua? 

Luzea eta bizia izan da. Elkarlanean sakon landu ditugu estatutuak, egitura, baliabideak eta gobernantza moduak. Bilera asko egin ditugu mankomunitatea sortzeko xedez, azken urtean astean behin elkartzeraino. Antolaketa eta kultura politiko desberdineko udalen arteko adostasuna beharrezkoa zen

Udalen eta eragileen arteko elkarlanerako gunea da. Nola gauzatuko da hori? 

Mankomunitateak itun, hitzarmen eta abarren bidez antolatuko du lankidetza eragileekin, bai erakunde publikoak bai pribatuak, enplegagarritasuna eta eskualdea sustatzeko ekimenak burutzeko.

Nola antolatu eta jardungo du?

Mankomunitateak bi organo ditu: Batzar Nagusia, udalerri bakoitzeko bi ordezkarik osatua eta urtean behin elkartuko dena, eta Gobernu Komisioa, udalerri bakoitzeko ordezkari banak parte  hartzen du bertan eta bi hilabetean behin batuko da. Horrez gain, lehendakari eta lehendakariorde bat ere badu. Lan mahaien bidez ariko da, Eskualdeko arteko Lan Mahaia edo Mankomunitateko Lan Mahaiak, adibidez. Hauek besteak beste, ekintzailetza, enplegu, ingurumen edo turismo proiektuak diseinatu eta sustatzeko ardura izango dute. 

Zein lan ildo ditu Mankomunitateak?

Besteak beste, enplegua eta formakuntza –enplegu sozial eta barneratzailea nabarmenduz–, ekintzailetza, ingurumena, turismoa, merkataritza, ostalaritza eta iraunkortasuna (klima aldaketa, trantsizio energetikoa...) 

Zeintzuk dira lehen urratsak? 

Eraketa formala izan da lehena. Hurrengoa, otsailean bertan, Batzar Nagusia elkartzea izango da, Mankomunitatean sakontzeko; oraindik pauso batzuk falta dira %100 operatibo izateko, adibidez, giza baliabideak eta ekonomikoak izatea. Lehen helburua eskualdeko garapen plana egitea da, erronka sozioekonomikoak zehaztuko dituena.

Zer jarduera aurrera eramango ditu? 

Eskualdeko beharrak aztertu ondoren erabakiko ditugu proiektuak eta programak, baita zein diru laguntza eskatu ere. Zenbait programa –Hazilan, Auzolan Berri, GuztiOn, marketin digitala....– , ziur asko, mantendu eta modu mankomunatuan gauzatzen jarraituko dugu. Halaber, eskualdeko enpresei ekintzailetza zerbitzu orokorra eta berrikuntza eta garapen zerbitzua eskainiko diegu; eta bertako industria, merkataritza eta turismoa sustatzeko jarduerak antolatuko ditugu. Asmo handiko proiektu bat da eta herritarrentzat onuragarria.

Zein erronka sozio-ekonomikori erantzuten ahaleginduko da?

Eskualdeko ekonomia suspertzea Covid-19aren ondoren, langabezi datuak hobetzea langileak lan munduan integratuz, ekintzaileak laguntzea euren proiektuak aktibatzen, eskualdeko turismoa sustatzea, pobrezia energetikoa ezabatzen laguntzea, eraginkortasun energetikoa...

"Eskualdeko beharrak aztertu ondoren erabakiko ditugu proiektuak eta programak"

Zer onura ekarriko die udalerriei eta, zehazki, Lasarte-Oriari?

Abantailen artean gastuen murrizketa nabarmenduko nuke. Gainera, mankomunitatea indartzea lurralde kohesioa eta garapen sozioekonomikoari laguntzeko bidea da. 

Zer ahalbidetuko dio Lasarte-Oriari, bere kabuz egin ezin duena?

Sozioekonomia arloan kalitatezko zerbitzua ematea, kostuak merkeagotuz eta baliabideak optimizatuz. Udaleko sozioekonomia departamentuan bertatik bertara bizi dugu gure herriko egoera sozial eta ekonomikoa. Asko dira egin nahiko genituzkeen gauzak, gure saltoki eta ostalariei edota langabeei laguntzeko; baina gauza bat edo bestea dela, ezin dugu. Benetan sinesten dugu Mankomunitatean eta herriari ekar diezaiokeenean, horregatik ahalegindu gara horrenbeste. 

Zer ekarpen egingo dio eskualdeko ehun ekonomikoari eta herritarrei? 

Bereziki, giza garapen iraunkorra ahalbidetuko duten jarduera sozioekonomikoak sustatuko ditu, herritarrei onura ekarriko dietenak.

Eta Lasarte-Oriari? 

Eskualdearentzat nahi dudana, noski, nire herriarentzat ere nahi dut. Sinetsita nago gure herriarentzat ona dela, horregatik onartu dut horren gogotsu lehendakariordea izatea.

Zergatik lehendakariordea? Zein zeregin izango dituzu? 

Udaleko sozioekonomia arloaren buru naiz eta herriko ehun sozial eta ekonomikoa hobetzen ahalegintzen naiz egunero. Ia hasieratik gai horiek landu ditut sei udalen arteko hitzarmen baten barruan eta Mankomunitatearen eraketan. Azkenik, errealitate bilakatu den erronka garrantzitsu bat zen. Horregatik, lankideen gehiengoak lehendakariorde bozkatu ninduenean harro hartu nuen kargua. Lehendakaria ordezkatuko dut bajan, oporretan... bada edo berak hala erabakitzean; eta egunerokoan erakundea martxan jartzeko lan egingo dut, azken urteetan egin bezala. Denbora honetan guztian landutakoa egikaritu eta martxan jartzeko unea da, ilusioz eta gogoz hartu dudan lana.