SERIEAREN LAUGARREN ARGITALPENA

Izeiren aita, eta "familia zabala"

Duela bi urte jaio zen Mikel Olaiz Garmendia lasarteoriatarraren haur Izei. Subrogazio bidezko haurdunaldiaren bitartez izan du haurra, AEBetan. Ezjakintasunetik abiatu zuen bidearen berri eman dio txintxarri-ri; gurasotasuna nola bizi duen kontatu du

Beti egon izan da haurrengandik "oso gertu" Mikel Olaiz Garmendia (Lasarte-Oria, 1985), herritarra. Ttakun Kultur Elkarteko eta beste hainbat aisialdi taldeetako udalekuetako gazteekin egin ditu makina bat urte, eta senide  dituen iloba gaztetxoekin ere bai: "Haurrekin beti izan dut harremana; beti izan dut gustuko". Gaztetatik haurrekin elkarbizitzeaz gain, hezkuntzarekiko, pedagogiarekiko kezka baduela ere kontatu dio txintxarri-ri: "Gizarte honetako baloreen inguruan badut kezka bat; beti ikusi izan naiz aita baten paperean, nahiz eta ez dudan betidanik argi izan".

Urteek aurrera egin ahal hasi zen aita izatearen ideia lantzen. Aita izan nahi zuen edo ez galdetu zion lehenik bere buruari, eta, horrekin batera, egun gizarteak finkatzen dituen eskemetako ideiak ere birplanteatu zituen: "Badirudi egoera, bikote eta lan egonkor bat, etxebizitza bat eta lan-baldintza onak badituzu, orduan eduki dezakezula haur bat". Hori birplanteatu, eta bere kasuan guzti hori ezinbestekoa zen aztertu, eta, ondorio bat atera zuen: bere kasuan baldintza horiek guztiak betetzea ez zela beharrezkoa: "Niretzat indar gehiago zuen aita izan nahi nuen edo ez ikusteak, eta nahiko banu, ikusten hasi beharko nintzela ea posible nuen edo ez". Eta hausnarketa horri ere atera zizkion bi ondorio; lehena,  aita izan nahi zuela, eta, bigarrena, berriz, orduko momentu pertsonala polita zela aitatasunari ekiteko.

Gauzak horrela, haur bat izateko aukera ezberdinak begiratzen hasi zen. Aita bakarra izango zenez, hori ahalbidetuko zioten aukerak aztertzen, adopzioaren aukera aztertu zuen lehenik. Konturatu zen, ordea,  aukera horrekin aurrera egitea zaila dela: "Prozesu luzea da, eta, bakarrik dagoen pertsona batentzat, bete behar diren baldintzengatik, ia ezinezkoa da. Ez dago, gainera, erabateko ziurtasunik; bidean gauza asko gerta daitezke". Horrela, ziurgabetasunez betetako aukera ikusten zuenez, alde batera uzteko erabakia hartu zuen: "Ez nuen uste lortuko nuenik".

 

"Gizarteak, oraindik ere, ama bakarreko familiak soilik irudikatzen ditu"

 

Haurra harreran hartzeko aukera aztertu zuen gero. Kasu horretan, bere baldintza pertsonalekin prozesuan aurrera egiteko onartuko lituzketen baloratu baino, ikusi zuen berak ez zituela haur bat harreran hartzeko baldintzak betetzen: "Harrera haur bat jasotzeko prest egon behar zara, testuinguru egoki eta goxo bat eduki behar duzula, denbora bat eskaintzeko modukoa, eta, aita izateko erabakia hartu nuen garai hartan, aita bakarra izanda, ezingo niola harreran hartuko nuen haurrari  behar bezalako harrera eman".

Aukera hori ere alde batera utzita, hirugarrena aztertzen hasi zen: subrogazio bidezko haurdunaldiarena. Aitortu du ia erabateko "ezezagutzatik eta aurreiritzi askorekin" abiatu zela aukera hori aztertzera: "Ez nuen prozesua ezagutzen, ez nekien zer suposatzen zuen, ezta emakumearen ikuspegitik prozesuak zer esan nahi zuen eta hori guztia argitzeko informazio bila hasi nintzen".

Bere inguru gertukoan ez zuen, ordea, subrogazio bidezko haurdunaldi bat bizitu zuenik, eta, nolabait hastearren, Xabier Madariaga kazetariarekin harremanetan jartzea erabaki zuen –Madariaga eta bere bikotekideak bi seme-alaba izan dituzte, subrogazio bidezko haurdunaldi baten laguntzaz–. "Kokapen on bat eman zidan. Azaldu zidan prozesuak zer suposatzen zuen, informazio gehigarria non eskuratu nezaken, beraiek nola egin zuten, eta abar, eta, hortik abiatuta hasi nintzen gaian gehiago sakontzen".

Emakume gestantearekin kezka
Subrogazio bidezko haurdunaldi prozesuak kezka handirik sortzen bazion Mikeli, emakume gestantearen papera zen: "Nire burua feministatzat daukat, eta, prozesua nire balioekin bat etortzea bermatu nahi nuen; beldur handia ematen zidan esplotazio egoera bat izateak".

Azterketa egiten hasi, eta, konturatu zen prozesu bera "oso ezberdina" zela herrialdearen arabera, eta, hortaz, prozesua bera orokorki baloratzea zaila dela. Kontatu du ekialdeko herrialde askotan "barbaridade hutsak" egiten direla, eta ez direla emakumearen nahiak eta eskubideak errespetatzen. Beste hainbat herrialdeetan, berriz, osasun publikoak bideratzen duela prozesua, baina, gehienetan, herrialdeko herritarrei zuzenduta egoten direla. Orduan, bere egoerak Kanada edo AEBetako prozesuekin bat egin zezakeela ikusi zuen, nahiz eta azken herrialde horrek eskaintzen zuen, bere ustez, berme gehien: "30 urte daramatzate gai horrekin, eta, legez arautua dago goitik behera".

Zehaztu du, AEBetan marko-legal "oso zehatz" batean barnebiltzen dela prozesua. Azaldu du haurra gestatu nahi duen emakumeak, berak erakutsi behar duela haur bat gestatzeko borondatea. Horrekin batera, lehenagotik seme edo alaba bat gutxienez edukitzea beharrezkoa dela, eta azterketa psikologiko bat ere egiten zaiola, bere kabuz erabakia hartzea oztopatzen dion gaixotasunik ez duela ziurtatzeko. Ekonomikoki ezin du behar egoera batean egon, ezin ditu diru-laguntzak jaso, eta bermatuta egon behar du diruak ezin duela izan prozesuan parte hartzeko helburua.

Informazio hori eskuratuta, prozesuarekiko beste ikuspuntu bat jaso zuen Mikelek: "Iruditu daiteke zilegi edo ez, baina, behintzat, arauek jartzen dute marko bat, non, emakumeak, gutxienez, baduen erabakitzeko eskubide bat, arautua dena, eta zehatza".  Eta horrelaxe egin zuen subrogazio bidezko gestazioaren alde: "Argi ikusi nuen, gestazio bidez izaten banintzen aita, AEBetan izango zela edo bestela ez nintzela izango". Azaldu du baita ere, nola, besteak beste, prozesua martxan jartzeko bi aldeek kontratu bat sinatu behar duten: "Akordio horrek, prozesu osorako bi aldeen eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren zehaztu eta betearazten ditu". Eta, behin haurra jaiota, prozesua epaiketa batekin ixten den, non, bi aldeek hasierako kontratuan sinatu dutena baieztatu behar duten.

Prozesuaren konplexutasuna
Herritarrak azaldu du badagoela prozesua "bere kabuz" egiten duenik, baina, jakinarazi du badaudela prozesua hasieratik amaierara gidatzen duten agentziak ere: "Aholkatzen dizute momentu bakoitzean zer egin behar duzun, lehen unetik amaierara arte". Berak aukera gidatuaren alde egin zuen, "modu kontrolatuan" eta "ahalik eta ondoen" egin nahi zuelako guztia.  

Agentzia horiengandik jasotako informazioarekin kokatuta, aurrera egin zezakeela ikusi zuen, baina, baiezkoa eman aurretik, ezinbestekoa izan zitzaion etxekoen konplizitatea izatea: "Aita bakarra izan nahi nuela ikusten nuen arren, niretzat garrantzitsua zen, haurrak lehenengo urteetan behintzat ingurune erosoago bat izatea, batez ere zaintzari begira. Ardura batzuk egongo zirela banekien, eta laguntza beharko nuela, hortaz, prozesuarekin hasi aurretik, etxekoei eman nien nire gogoaren berri. Ilusio handiz jaso zuten eta, orduan erabaki nuen aurrera egitea".

Dena "oso azkar" 
Bizitzea egokitu zaion prozesuan "dena oso azkar" joan dela azaldu du herritarrak, eta, gaineratu du, hori ez dela ohikoa izaten; "kasualitate hutsa" izan dela.

Kontatu du bere haur Izeiren gestantearekin, Jaide Harrisekin, "oso harreman ona" izan duela hasieratik, bataren eta bestearen kezka eta nahiek bat egin dutelako lehen momentutik. Elkar ezagutu zuten unetik "oso argi" ikusi zuen Jaide Harrisek prozesuaren parte izan nahi zuela, eta kezkak desagertzen joan ziren: "Ikusi zuen, ni momentu hartan mutil bakarra izanik, ezin nintzela aita izan, eta nire testuingurua, baloreak, eta abar zein ziren ikusita, baiezkoa eman zion prozesuari".

2019ko ekainaren 23an jaio zen Izei, baino jaio baino denbora bat lehenago bidaiatu zuen Mikelek, amak lagunduta, Idahora. Han, jaiotza aurreko, erditze, eta erditze ondorengo momentuak elkarbanatu zituzten gestantearekin, eta, gaur-gaurkoz ere, gutxienez, astero izaten dute elkarren berri: "Harremanetan jarraitzen dugu, baina, denok argi izanda bakoitzaren papera zein den".

Oztopoak bidean
Izei jaio zenetik hainbat oztopori egin behar izan dio aurre Mikelek. Kontatu du nola, oraindik ere gizarteak ama bakarreko familiak soilik irudikatzen jarraitzen duen: "Aita bakarren kasuan, ama hilda dagoela interpretatzen da". Ez du gehiegi harritzen egoera horrek, ordea: "Errealitate bat da oso gutxi garela aita bakarrak garenak, eta hortaz kontziente izan behar dugu".

Argi ikusten du gizarteak ez duela irudikatzen amarik ez duen haur bat: "Batez ere, hasierako hilabeteetan, gehiegizkoa izan zen. Behin, Izei aitonarekin zihoala, negarrez ari zen, eta emakume bat gerturatu zitzaion, titia emango ziola eskainiz. Eta, beste behin ere, Izeirekin trenean nindoala,  kolikoekin gaizki pasatzen ari zen momentu batean, emakume batek traemelo que yo ya se lo que hay que hacer esan zidan. Jendearen buruan, ume batek ama behar duela ikusi dut askotan".

 

"Gurasoek egin beharreko edozein tramiteetan,  bakarra izatea ez da aurreikusten"

 

Administrazioan ere gainditu behar izan ditu traba bat baino gehiago. Besteak beste, haurren jaiotzagatik ematen duten diru-laguntza eskatzerako orduan, artatu zuen langile publikoak ikusi zuenean Mikelek betetako paperean, haurraren amaren izena jartzeko espazioa hutsa zegoela, amaren izena jartzeaz ahaztu egin zela esan zion. Ahaztu ez zitzaiola adierazi zionean, adopzio-data jartzea ahaztu zitzaiola esanaz jarraitu zuen. "Erakunde publiko batean horrelako egoerak gertatzea harrigarria da, suposatzen baita kasu ezberdinak artatzeko prest egon beharko luketela". Harritu du baita ere, guraso bakar izatearen aukera ez dela aurreikusten edozein tramite egiterako orduan, esaterako haurreskola edo ikastetxeetako matrikulazioetan, diru-laguntza prozesuetan, eta abar.

Garbi dago, gaur gaurkoz gizarteak, oraindik ere nola bizi duen gaia. Eta, etorkizunera begira jarrita, gizartearen ikuspegiak kezkatzen du Mikel. Besteak beste, haurra hazten joan ahala, galderak egiten hasi daitekeela aurreikusten du, eta dagoeneko, "ulertzen duenera arte" Izeik dena badakiela kontatu duen arren, badu gizartearekiko kezka bat: "Izeik argazkiak ikusten ditu, ezagutzen du AEBetako familia, eta abar; bere bizitza goitik behera, eta ezker-eskuin ezagutuko du. Nire aldetik ez daukat horrekiko inolako kezkarik; gizartearen ikuspegiak kezkatzen nau. Eskema arruntetatik ateratzen den edozerk zailtasun estra bat dauka; orduan, seguraski, Izeik eskura eduki beharko ditu, hainbat tresna, zenbait egoerari aurre egiteko".  Gogoeta eder bat mahaigaineratuz jarraitu die hitz horiei: "Denon ardura da gizarte honetan dauden milaka errealitate ezberdin jasotzeko eta kudeatzeko prest egotea. Horretarako prest bagaude, denok edukiko dugu toki bat hemen, eta, hala ez bada, zailtasunak jarriko dizkiegu batzuei. Adi egoteko gaia da".

Familia baten egunerokoari erritmoa hartzea zaila bada bi gurasorentzat, zer esanik ez gurasoa bakarra denean: "Haurrak, batez ere txikiak direnean, 24 orduko dependentzia dute gurasoekiko, eta egunerokoan suertatu daitezkeen mila egoeretara ezin zara moldatu". Egongo da, noski, egokitu daitekeenik, baina, ez da Mikelen kasua: "Nire egoera sozioekonomikoagatik ezin diot, adibidez, lan egiteari utzi". Baina bere egoeran "oso inpaktu positiboa jaso duela ere jakinarazi du: "Familia bat haurrak eta bere gurasoek bakarrik osatu behar dute? Ez dakit, polita da, laguntza izatea; zaintza ingurune hurbilarekin partekatzea. Izeiren familia zabalagoa da; jende gehiagorekin dauka harreman estua. Jende askok ez du bizi laguntza hori eskaera moduan, baizik eta parte izate gisa, eta hori polita iruditzen zait".

Bere esperientziatik abiatuta, guraso, eta zehazki aita bakarra izan nahi dutenei hitz batzuk ere zuzendu dizkie. Berak egin bezala, guraso izan nahi duten hausnartzeko gomendatu du herritarrak: "Betiko erantzukizun bat da, eta, nire ustez, garrantzitsua da ardura hori gain hartzeko prest egotea, ardura bere osotasunean asumitzeko". Aita bakarra izan nahi dutenei, berriz, aukera bezala planteatzera animatu ditu: "Kontutan hartu behar da zailtasun estra bat izango dutela, besteak beste, denbora eta baliabideak erdiak direlako eta oso gauza sinpleetatik hasita, zailtasunekin topo egingo dutelako, baina atera daitezela topikoetatik eta modu estandar, bakar eta unibertsaletik, eta planteatu dezatela aukera gisa; ez daitezela itxi". 

Bizitzan dena ez da zuria edo beltza. Mila esker, Mikel.

GESTANTEA BERA DENEAN AUKERA HORREN ALDE ZERGATIK EGIN DUEN KONTATZEN DUENA

JAIDE HARRIS - GESTANTEA

Gestante izatea erabaki zuenean, hemeretzi urte zituen Jaide Harrisek –Izeiren gestantea izan da–. Haurdunaldi eta erditze "zoragarri" batzuen ondorioz jaiotako haur baten ama bakarra zen orduan. Bere haurraren zaintzaileak etorkizunean bera eta bere senarrarentzat haur bat izango zuen galdetu zionean hasi zen aukeraz pentsatzen. Ordutik hona, hiru subrogazio bidezko haurdunaldiren gestantea izan da.

Gestante izateko bere erabakiak ez du ekonomiarekin inolako zerikusirik izan, eta azaldu du gestante izateko bere arrazoi bakarra zein izan den: "Nire amaren aldeko familian 25 urte bete eta gero erreprodukzio-organuak mantentzen dituen emakume bakarra naiz. Minbizi kasuen ondorioz, goiz galdu zituzten euren erreprodukzio organoak, eta galera horiek eragin dieten minaren jakitun izanik, ordutik erabaki nuen nik nuen aukera beraiek ere eduki zezaten lagundu nahi niela: umeak izaten".

Mundura beste bizitza bat ekartzean, "edozein amak" senti dezakeen "ilusio bera" sentitzen du subrogazio bidezko haurdunaldietan. Horrela azaldu du: "Nire burua zaintzeko arreta jartzen dut, haurra ondo garatzen ari den ziurtatzeaz eta erditze seguru bat izango dudala ziurtatzeaz arduratzen naiz". Azaldu du baita ere, kezka uneak ere sortzen direla, baina horrelako momentutan jainkoarengan jartzen duela bere konfiantza: "Badakit nire osasuna eta zaintza bere esku daudela eta berak bere moduan egingo duela".

Gestante izateko baldintzak
Subrogazio bidezko haurdunaldi bateko gestante izateko zenbait baldintza bete behar dituztela azaldu du Mikelek erreportaje honetan, baina, Jaide Harrisek ere azpimarratu ditu horietako batzuk: "Pisu osasuntsu bat eta 43 urte baino gutxiago edukitzea beharrezkoa da. Gestazioaren aurretik, gutxienez seme edo alaba bat edukitzea ere baldintza bat da, eta haurdunaldi osasuntsuak izatea ere bai. Familia ekonomikoki mantentzeko egoera egonkorra izatea ere eskatzen da, gestazioak eman dezakeen laguntza kontuan izan gabe". Baldintza horiek guztiak betetzen ditu berak.
Azaldu du familia bakoitza ezberdina dela, eta haurdunaldien jarraipena horien arabera izaten dela. Kontatu du, adibidez, Izeiren gestazioa beste batzuekin alderatuta "intimoagoa" izan dela: "Hilabeteroko mediku-bisiten berri izaten zuten, eta ultrasoinuen bidez ateratako argazkiak ere bidaltzen nizkion Mikeli".

Haurra erditu eta gero
Jaide Harrisek "oso argi" du subrogazio bidez gestatzen dituen haurrak ez direla bereak: "Haurrak gestatzea oso gustuko dudan arren, pozik sentitzen naiz dagoeneko lau seme-alabaren ama naizelako; mentalki ez nuen eurez arduratu beharko nintzen haur gehiagoren ama izan nahi".
Horrela, gaur egun harremana mantentzen du berak gestatutako haurren familiekin: "Pozgarria da familia horien argazkiak jasotzea, eta eurak denak elkarrekin hazten ari direla ikustea".

Munduan subrogazioa arautzeko dauden modelo ezberdinen inguruan galdetuta, azaldu du horietatik guztietatik ez daukala berak gogokoenik, prozesu bakoitza "oso ezberdina" delako familiaren eta gestatzailearen arabera.

Kontatu du baita ere AEBetan subrogazio bidezko haurdunaldiak ohikoak izan daitezkeen arren, badaudela gestatutako haur bati "uko" egitea imajinatu ezin duten emakumeak, eta baita ere euren gorputzak horrelako prozesu baten parte izatea onartuko ez luketenak ere. 

Erlazionatuak

'Amatxo' eta 'amaren' hiru alaba

Erreportajeak

Sexu bereko bi pertsonek osatu dute Agirre-Mantzizidor familia; Amaiak eta Ainarak. Hiru alaba dituzte eta euren familia-ereduaren berri eman dio A...
Beroa ematea, jatorrira itzultzeko

Erreportajeak

Bi aldiz izan dira hiru haurren harrera-familia Mertxe Rodriguez eta bere bikotekidea. "Ezohiko" kasuak bizitzea egokitu zaiela kontatu dio Rodrigu...
Sei urte elkarren berotasunean

Erreportajeak

Bi neskatilen harrera-familia osatzen dute Olatz Arozenak eta Txarli Martinezek. Sei urte daramatzate elkarrekin bizitzen eta bizipen horien berri ...
Lau orduko joan-etorriak, aitarekin egoteko

Erreportajeak

Parisko espetxe batean dago preso Ibon Fernandez Iradi, Ainara Fresnedaren bikotekide eta Lizar eta Harriren aita. Kilometro luze egin behar dituzt...